Zinemaldia 2024
Elkarrizketa
Koldo Almandoz: 'Espektro bihurtzeko jaio da ‘Sipo phantasma’'
Natxo Velez | eitb.eus
Donostia
Koldo Almandozek oso ondo ezagutzen du Donostiako Zinemaldia: ikusle, epaimahaikide eta zinemagile gisa egona da. Aurten, bi lan aurkeztuko ditu zinema topagunean, eta berarekin hitz egin dugu.
-
Almandozek "Sipo phantasma" eta "Kalebegiak" proiektuko bere laburra aurkezten dihardu Zinemaldian
Itsas bidaiak, ?Drakula?, Bram Stoker, Oscar Wilde, ?Sekula gehiago egingo ez dudan gauza ustez dibertigarri bat? David Foster Wallaceren liburua, ?Nosferatu?, Joserra Senperenaren eta Ignacio Bilbaoren musika, egile eskubideei eta sortzaileen inspirazio iturriei buruzko hausnarketa, behinolako film tindatuak, arratoiak, F. W. Murnau, hilobi profanatu bat? Hori eta gehiago zamatuta ekin dio zeharkaldiari ?Sipo phantasma? ontziak, Koldo Almandoz zuzendariaren (Donostia, 1973) lehen film luzeak (69 minutu).
Dokumentala izateko asmoz jaiotako proiektua saiakerara lerratu da, Almandozek bere lan berrian hainbat istorio eta estilo uztartuta. Musikak, Florence Balcombe Bram Stoker idazlearen emaztearen presentziak eta ?Drakula? eleberriaren egiturak josten dute filma.
Zuzendari donostiarrarekin hitz egin dugu, Maria Cristina hotelaren terrazan.
Buenos Aireseko eta Rotterdameko zinema jaialdietan erakutsi duzu filma orain arte. Zelako harrera izan du?
Harrera ona izan du, eta niretzat garrantzitsua izan da filmak kanpoan interesa piztu izana. Izan ere, batzuetan irudi lezake Zinemaldian erakusten diren lanekin etxezulo jokatzen dela eta txokokeriak eragin duela programatzaileen hautua.
Kanpokoen interesak, ordea, ziurtasun moduko bat ematen dizu, egin duzunak publikoaren edo publiko mota baten arreta merezi duela adierazten dizun berme bat.
Zinemaldian etxean jokatzea ezberdina izango da, baina?
Bai, ezberdina da, eta alde bikoitzetik begira dakioke ezberdintasun horri. Zure lana etxean programatzea errazagoa izan litekeela pentsa daiteke, etxekoa izate hutsagatik, baina, bestalde, gertuko jendeari erakusten diozu lana hemen, eta horrek urduritasun puntu berezia ematen dit.
Hemen, gutxi-asko, Koldo Almandozen film bat ikustera doanak badaki nondik nora jo dezakeen istorioak, gainera?
Bai, zein pelikula mota ikustera doan badakienak beste begi batzuekin ikusiko du filma, eta ?Ocean?s Eleven? ikustera doala uste duenarentzat zailagoa izango da, seguru asko.
?Sipo phantasma? edozein publikok ikusteko moduko filma den sentsazioa daukat, halere. Edozeinek ulertzeko moduko pelikula da.
Dokumental gisa hasi zen proiektua, hainbat aldiz esan duzunez, baina film pertsonal bihurtu da. Zer txinpartak piztu zuen filma egiteko sua?
Batetik, iruditzen zait ez diola sekula dokumental izateari utzi, kontatzen den guztia (datuak, liburu txatalak, irudiak?) benetakoa baita, baina egia da dokumentaletik saiakerara pasatu dela nolabait.
Txinparta itsas bidaian geundela piztu zen: gainaldera irteten ginen, gauez esaterako, eta inor ez zegoela ikusten genuen. Milaka pertsona geunden ontzian sartuta, eta batek ere ez zuen nabigazioaren esperientzia bizitzen. Orduan, ontzi fantasmaren kontzeptua etorri zitzaidan burura.
Jarraian, istorioari forma ematen hasi nintzaion, eta, ?Drakula? berrirakurtzeari ekitean, hitzaurrean Florence Balcomberekin tupust egin nuen, ?Nosferatu?ren kopiak desagerrarazteko egin zuen saiakeraren berri izan nuen?
Bi une horiek piztu zuten txinparta.
?Itsasontzi guztiak hondoratzeko jaio dira? esaten da filmaren une jakin batean. Zertarako jaio da ?Sipo phantasma??
Bada, ?Sipo phantasma? horretarako jaio da, bere bidea egiteko. Bizitzan ere berdin gertatzen da, hondoa jotzeko jaio gara.
Jasoegi jartzeko asmorik gabe, bizitzaren beraren metafora ere bada itsasontziarena. Hil arte bizi gara, eta, hori jakinik, bidean, bidaian, egiten duzuna da garrantzitsuena. Ez dakit zenbat iraungo duen filmaren zeharkaldiak, baina espektro izateko jaio da.
Elkarrizketarik gabeko filma izanik, Joserra Senperenaren eta Ignacio Bilbaoren musikak garrantzi berebizikoa dute. Zergatik aukeratu dituzu horiek eta nola landu duzue arlo hori?
Musikaren esparrua asko landu dugu, eta ez dugu tranpa gisa erabili nahi izan. Askotan, irudipena dut musika emozioak azpimarratzeko soilik erabiltzen dela zineman; pertsonaia bat negarrez ari denean biolina sartzen da, adibidez, tristezia handitzeko.
Horren haritik, zineman emozioa gainbaloratuta dagoela uste dut. Barre eta negar egitea oso ondo dago, baina ez dira helburu bakarra izan behar. Uste dut adimena, jolasa edo beste mekanismo batzuk ere uki daitezkeela zinemaren bidez.
Niri musika narrazioaren zati bat izatea gustatzen zait. Filma editatzen ari nintzela, Joserra Senperenaren musikarekin probatzen hasi nintzen, oso gustukoa baitut, eta, sartutakoan, ondo baino hobeto gelditzen zela ikusi nuen.
Ignacio Bilbaoren zatiari dagokionez, Rumano Power bere proiektuarekin ikusi nuen kontzertu batean, irudi batzuei musika sartzen, eta harrituta gelditu nintzen. Orduan, berarekin harremanetan jarri nintzen, eta hainbat pieza sortzeko prest agertu zen.
Oso musika ezberdinak dira, baina oso ondo gelditu dira filmean elkarrekin.
?Kalbegiak? Donostia 2016ren proiektu kolektiboan ere parte hartu duzu? Zer alde dago ?Sipo phantasma? bezain proiektu pertsonal bat egitearen eta beste hamabost zinemagilerekin batera proiektu kolektibo batean parte hartzearen artean?
Bai, oso ezberdina da. Protagonismoa ez da zure gain erortzen, bertan oso izen handiak (Medem, Calparsoro, Cobeaga?) daudela jakinik, eta hori abantaila bat da.
Gainera, proiektuaren arduradunek, lankide izan ohi ditugunekin barik, sektoreko bestelako langileekin aritzea sustatu nahi izan dute, eta hori ere oso ona izan da. Nik Flavio Labiano argazkilaritza zuzendariarekin, Ridley Scottekin eta Spielbergekin aritutako donostiar batekin, lan egin ahal izan dut, esaterako, eta Larrotxeneko ikasleak lan mundurako jauzia egiteko bidea ere izan da proiektua.
Zelakoa da zure film laburra?
Nire istorioak ?Narciso? izena du, eta oso donostiarra da, proiektu honetarako beren beregi sortua. Donostiarrok -ni donostiarra naiz- gure hiriarekin dugun maitasun istorioa du ardatz, gure postalzaletasuna, eta hori erakusten duen zientzia fikziozko istorio bat kontatzen dut.
Ez dut gure jarrera hori kritikatzen, kontatu egiten dut, nork bere burua gehiago maitatzeak ez duelako zertan txarra izan ere bere horretan.
Zertan ari zara orain lanean?
Pare bat proiektu dauzkat esku artean, baina ez zait gustatzen esku artean dudanari buruz gehiegi hitz egitea, presio handiagoa jartzen baitiot neure buruari.
Sortze prozesua disfrutatzen ari naiz orain, hori baita gehien gustatzen zaidan.
Eta... Beste itsas bidaia bat egiteko asmorik, bai?
Bada, begira: ?Sekula gehiago egingo ez dudan gauza ustez dibertigarri bat? David Foster Wallaceren lana irakurri nuelako sartu nintzen gurutzaldian (orain Danele Sarriugartek euskaratu du, bide batez esanda), eta, onartu beharra dago, gehiagotasun konplexu moduko batek jota heltzen zara bertara.
Hala ere, bertan jabetu nintzen milaka pertsona pila bat gozatzen ari zirela, eta ni kamerarekin batetik bestera ibiltzen zen marmarti hutsa nintzela. Ez diot bere aisialdirako aukera hori hartu duen jendeari barre egin, eta, filma egiten ari nintzenean, konturatu nintzen haientzat ni nintzela tipo arraro eta kulturzale hantustea. Fokua non jartzen duzun?