Itxi

Zinemaldia 2024

ZINEMA

'Toni Erdmann' filmak jasoko du 2016ko Fipresci saria

erredakzioa | eitb.eus

Maren Aderen filma Jim Jarmuschen 'Paterson' eta Duke Johnson eta Charlie Kaufmanen 'Anomalisa' finalistei gailendu zaie. Irailaren 16an emango diote saria.

  • Filmaren irudietako bat. Argazkia: Donostiako Zinemaldia

    Filmaren irudietako bat. Argazkia: Donostiako Zinemaldia

Zinema Kritikarien Nazioarteko Federazioko (Fipresci) kideek Toni Erdmann filma izendatu dute urteko film onena. 2016ko Fipresci Sari Nagusiaren bozketan, mundu osoko 475 kritikarik hartu dute parte, eta 2015eko uztailaren 1etik aurrera estreinatu duten filmen artean aukeratu dute, jaialdiaren antolatzaileek ohar baten bidez jakinarazi dutenez.

Toni Erdmann filma Jim Jarmuschen Paterson eta Duke Johnson eta Charlie Kaufmanen Anomalisa finalistei gailendu zaie.

Maren Ade (Karlsruhe, Alemania, 1976) 1999an sortu zutenetik saria irabazi duen lehen emakumezko zuzendaria da. Horrez gainera, maila handiko hainbat zinemagilek jaso dute: Pedro Almodovar, Michael Haneke, Cristian Mungiu, Aki Kaurismäki, Paul Thomas Anderson, Jean-Luc Godard, Richard Linklater, George Miller...

Ade zuzendaria, gidoilaria eta ekoizlea da, eta haren lehen lanak, Der Wald vor lauter Bäumen (2003) filmak, Epaimahaiaren Sari Berezia lortu zuen 2005eko Sundance zinema-jaialdiko World Cinema sailean. 2009an, Alle anderen aurkeztu zuen Berlinalen. Toni Erdmann Adek zuzendu duen hirugarren film luzea da, eta Cannesko zinema-jaialdian estreinatu zuten.

Jaialdiaren antolatzaileek iragan ostiralean jakinarazi zuten moduan, filma Donostia Zinemaldiko Perlak sailaren barruan lehiatuko da. Orobat, Europako Parlamentuaren 2016ko LUX saria irabazteko hautagai ere bada. The Match Factory arduratzen da filma nazioartean banatzeaz; Espainiako Estatuan, berriz, Golem etxeak banatuko du.

"Bereziki zorionekoa sentitzen naiz urteko ia film guztiak ikusi dituzten pertsonek aukeratu nautelako. Eskerrik asko Cannesen Toni Erdmann-i hasiera handi hori emateagatik", esan du zuzendariak.

Adek Donostia Zinemaldiaren inaugurazio-galan jasoko du Fipresci Sari Nagusia. Ostiralean, irailak 16, izango da, Kursaal Jauregiko Auditorioan.