Zinemaldia 2024
Perlak
Urrezko Palma eta Urrezko Hartza, Zinemaldiko Perlak sailean
N.V. | eitb.eus
'I, Daniel Blake' eta ‘Fire at Sea' ez ezik, Ade, Dudok de Wit, Frears, Hansen-Løve, Koreeda, Kusturica, Larrain, Loach, Ozon, Puiu, Rosi, Sachs eta Verhoevenen azken lanak ere erakutsiko ditu.
-
Monica Bellucci eta Emir Kusturica dira "On the milky road"eko protagonistak
Perlak atalak, munduko zinema jaialdi onenetan laudorioak jaso dituzten filmak Donostiako Zinemaldira ekartzen dituen sailak, punta-puntako zinemagile hauen azken lanak erakutsiko ditu aurten: Maren Ade, Claude Barras, Michael Dudok de Wit, Stephen Frears, Mia Hansen-Løve, Hirokazu Koreeda, Emir Kusturica, Joachim Lafosse, Pablo Larrain, Ken Loach, François Ozon, Cristi Puiu, Gianfranco Rossi, Ira Sachs eta Paul Verhoeven.
Berlinen eta Cannesen gaur egungo mundua irudikatzen eta salatzen duten filmak saritu dituzte, “Fire at Sea” Gianfranco Rosik Lampedusan filmatutako dokumentala Berlinen eta, "I, Daniel Blake" Ken Loachen lanik berriena Cannesen.
Britainia Handiko beste zinemagile beterano eta goraipatu batek, Stephen Frearsek, inoiz izandako soprano txarrentzat hartutako abeslariaren (Meryl Streepek gorpuzten du) erretratua egin du "Florence Foster Jenkins" filmean.
Hirokazu Koreeda Donostian gehien estimatutako zinemagile garaikideetako batek "After the Storm" Cannesen estreinatutako filma eramango du 64. Zinemaldira, eta Joachim Lafosse iaz zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorraren irabazleak “L’économie du couple” aurkeztuko du.
Emir Kusturica sarituak “On the Milky Road” filma estreinatu zuen Venezian, Monica Bellucci eta Kusturica bera protagonista direla. Serbiar zinemagileak 2007tik egindako lehen fikziozko filma ere Donostian ikusiko da.
Paul Verhoevenek, "Robocop", "Basic Instinct" eta "Showgirls" filmen egileak, bortxaketa bat hartu du abiapuntutzat, Isabelle Huppert protaonista dela, “Elle” komedia polemiko eta zoroa egiteko.
François Ozon Urrezko Maskorraren irabazleak I. Mundu Gerraren ondorengo Alemaniako hiri txiki batera eraman du bere unibertso pertsonal eta bereizgarria “Frantz” pelikulan.
Horiez gain, Cristi Puiuren, Maren Aderen, Claude Barrasen Michael Dudok de Witeren, Ira Sachsen, Pablo Larrainen eta Mia Hansen-Løveren azken filmak ere eskainiko ditu Perlak sailak.