Zinemaldia 2024
64. edizioa
Savage Cinemak Gipuzkoako surfaren hasiera jorratuko du Zinemaldian
Agentziak | Erredakzioa
Abenturaren eta kirolaren inguruko filmak erakusten dituen atalak bost lan aurkeztuko ditu aurten, laugarren edizioan.
-
"Sufers' Blood" filmak surfaren historia garaikidea ezagutarazi nahi du
Savage Cinema Donostiako Nazioarteko Zinemaldian abenturako eta kiroleko zinema erakusten duen lehiaketaz kanpoko sailak genero eta gai ezberdinetako bost film aurkeztuko ditu aurten, laugarren edizioan.
The Fourth Phase filmak Travis Rice eta haren lantaldea Belodromora ekarriko ditu ostera era; izan ere, 2012an, hortxe egin zuten The Art of Flight 3D filmaren mundu mailako estreinaldia. Lan berri honetan, akzioa, historia eta teknika artistikoki uztartuz, filmak 25.000 kilometroko bidaia batean jarraituko dio Riceriorain artean esploratu gabeko lurraldeak aurkituz.
Zinemaldian, orobat, Bunker 77 filmaren mundu estreinaldia egingo dute. Bunker Spreckels Clark Gableren semeorde aberatsak, bere legatua betikotu nahian, Craig Stecyk (Dogtown & Z-Boys dokumentalaren gidoilaria eta Kaliforniako surf eta skate kulturaren funtsezko kronikaria) eta Art Brewer argazkilaria kontratatu zituen bere bizitzaren erretratua egin zezaten. 27 urte zituela hil zenean, baina, proiektua ezerezean gelditu zen. Takuji Masudak, materialari berriz helduta, gertakizunari buruzko kontakizuna egituratu du.
Orange Sunshine filmaren Europako estreinaldiak, bestalde, argi erakusten du zein den sailaren interesa: filmetan, kirola historiaren testuinguru sozialaren osagai bat izan dadila. William A. Kirkleyren dokumentala da, surflari hippy batzuen ibilbide bitxia kontatzen duena. Beren erlijioa sortu zuten, mundua LSDaren kontsumo eta trafikoaren bitartez aldatu nahian.
Surfaren historia garaikidea
Bestalde, Surfers’ Blood Patrick Trefzen filmaren nazioarteko estreinaldia ere hartuko du Zinemaldiak. Surfaren historia garaikidean garrantzia handia izan duten lau sortzaileren kontakizunen fusioa da lana. Horietako bat Patxi Oliden da, 93 urteko oriotarra, asmatzailea eta musikaria. Beste inor baino lehenago hasi zen surf ohol merkeak egiten, herriko gazteek surfa egin ahal izateko; Thomas Meyerhoffer, Richard Kenvin eta Darryl “Flea” Virostkoren lekukotzek osatzen dute filma.
Azkenik Let’s Be Frank Peter Hamblin zuzendariaren bilaketa erreal nahiz irudizkoari buruzko filma da: Frank James Solomon olatu handiko surflari hegoafrikarrarena.