Zinemaldia
Sail Ofiziala
'Loreak': Garaño eta Goenagaren pinporta Zinemaldian ernatuko da
Kristina Zorita Arratibel
Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak elkarrekin egindako bigarren fikziozko luzea da “Loreak“. Donostiako Zinemaldian lehiatuko da aurten, Sail Ofizialean.
Jon Garaño (Donostia, 1974) eta Jose Mari Goenaga (Ordizia, 1976) pozez txoratzen daude. Elkarrekin euren bigarren fikziozko luzea “Loreak“ Donostiako Zinemaldian lehiatuko da, Sail Ofizialean. Etxean lortutako errekonozimendua. Baina batez ere aurreko filmearekin, “80 egunean” filmearekin, zinemaldietan ibilbidea egin ondoren, jakin badakitelako zein erakuslehio inportantea den Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartzeak.
Iragarri eta berehala egon gara guk eurekin. Aitortzen digute nahiko garaiz jaki zutela lehiaketan izango zirela “oraindik soinu produkzioan ari ginen, Xabi (Xabi Berzosa, Iruisoneko produktorea) sartu zen gelan, hartatik atera eta insonorizatutako beste batean sartu gintuen. Eta han ospatu genuen. Besteek ez zuten entzuten. Nahiko frikia izan zen” gogoratzen du Goenagak. “Estres handiko egunak ziren eta Xabi etorri zenean, ematen zuen bronka botatzera zetorrela” gehitu du Garañok. Pozik, aintzindariak ere baitira. Osorik euskaraz filmatu eta Sail Ofizialean lehiatuko den lehen pelikula da “Loreak”. 1990an eman zuten euskaraz lehena: Antxon Ezeizaren “Ke Arteko Egunak”. Baina “protagonista Pedro Armendariz zen, mexikarra, orduan grabaketa ez zen guztiz euskaraz izan. Gurean bai” gogoratzen digute.
Filmaren inguruko berriak ateratzen zirenetik pelikula asko aldatu da. Hasierako izenburua “Loreak errepidean” zuen, Goenagari pelikularako ideia bururatu baizitzaion errepide batean jarritako sorta bat ikusita. Orain “Loreak” bakarrik da, lore mota asko baitaude filman. Gainera “memoria historikoaren” subtrama bat “erori” zaie. “Gidoia oso fragmentatua da, lehen zatia modu desberdinetan muntatu zitekeen. Proba asko egin ditugu. Gauza asko kendu dira. Lehen muntajeak 2 ordu terdik irauten zuen eta azkenean 99 minututan utzi dugu” dio Goenagak. “Guk filme motza nahi genuen, baina grabatu genituen sekuentziengatik eta grabaketa tempusagatik asko irauten zuen“, dio.
“Orduan, zertaz doa pelikula?”, galdetu diegu. “Guri ez zaigu asko gustatzen trama zein den esatea, suspensearekin eta sorpresarekin jolastu nahi dugulako. Nolabait giro batzuk daude” dio Garañok. “Emakume bat (Nagore Aranburu) loreak jasotzen hasten da etxean, hasieran pentsatzen du senarrak bidaltzen dizkiola baina ez da senarra. Bere bizitza une gris batean dago eta loreek kolorea sartzen dute” gehitzen du Garañok.
Baina bera ez da protagonista, ez bakarra behintzat. “Filmaren egitura ez da tipikoena. Pelikula hasten denean filmaren protagonista bat dela dirudi eta bukatzerakoan beste bat da“, erantzuten digu Goenagak. “Guk esaten dugu puzzle modukoa dela, istorio bakoitza pieza bat da eta pieza horietako batean pertsonai batek du protagonismoa. Gero daude piezak non bi pertsonek daukaten protagonismoa eta batzutan hiru eta lauk“, gehitzen du Garañok. Nagore Aranburu, Itziar Ituño, Itziar Aizpurua eta Joxean Bengoetxea dira pieza horiek. Eta noski loreak, “gure gizartean esannahi gehien eta batzuetan sakonenen hartzen dituztetalo, maitasun, min, memoria espresio bat izan daitezke eta horrekin jolastu nahi genuen” diote.
Itziar Aizpuruarekin “80 egunean” lan eginda zeuden. “Itziar buruan nuen gidoia idazterakoan” dio Goenagak. Besteak kastinen bidez iritsi ziren. “Ituñoren pertsonaia ez genuen oso garbi, pare bat aldiz beste adineko pertsonai bat izan behar zuen eta proba asko egin arazi genion“, diote. Lan talde teknikoa film laburretik etorritakoak dira. Denen lana zinemaldian ikusiko dugu Kursaalen, nazioarteko prentsak eta industriak tarteko.