Zinema
Auzolanean ekoitzia
"Ombuaren itzala", Euskal Herrian bidea egiten
N. V. | EITB Media
Pello Mari Otaño olerkari eta bertsolariari buruzko filma herriz herri proiektatuko dute hurrengo egunetan.
-
Sara Cozar eta Joseba Usabiaga "Ombuaren itzala" filmeko protagonistak
Azaroaren 30ean Zizurkilen, Patxi Bisquert filmaren zuzendariaren eta Pello Mari Otaño protagonistaren jaioterrian, estreinatu zenetik, bidea egiten jarraitzen du Ombuaren itzala Pello Mari Otaño olerkari eta bertsolariari buruzko filmak.
Filma auzolan bidez ekoitzi da; Euskal Herriko ehundik gora udal, kultura-elkarte, ikastola, institutu, eskola publiko eta tokiko hedabidek esku hartu dute ekoizpenean.
Argentina, Nafarroa eta Gipuzkoako hainbat agertoki naturaletan filmatu da lana, Joseba Usabiaga eta Sara Cozar dira protagonistak eta horiekin batera daude Ramon Agirre, Maia O'Brien, Iñaki Beraetxe, Klara Badiola, Hodei Arrastoa eta Asier Sota aktoreak eta Anjel Mari Peñagarikano eta Oihana Iguaran bertsolariak.
Apirilaren 3an Andoainen egongo da ikusgai pelikula, apirilaren 4an Pasai Donibanen, apirilaren 6an Eskoriatzan, Apirilaren 11n Irurtzunen, apirilaren 12an Oteizan eta apirilaren 15ean eta 29an Bilbon.
Patxi Bisquert aktoreak (Tasio, Oreina…) idatzi, zuzendu eta ekoitzi du Ombuaren itzala eta Pello Mari Otañoren bizitza du kontagai: "Pello Mari Otaño bere garaiko idazle euskaldun garrantzitsuenetako bat izan zen. Zizurkilen (Gipuzkoa) bertsolari-familia batean 1857an jaio zen bertsolari-olerkaria. Baina pelikula Foru Abolizioaren ondoren beren herriak utzi zituzten gazteen istorioa ere bada", azaldu du Bisquertek.