Zinema
Jaialdia
22 film Donostiako Beldurrezko Asteko Sail Ofizialean
Urriaren 27an emango diote hasiera eta 'The ABC's of death' sailak zeresana emango du. Itxiera ekitaldian 'El hombre de las sombras' estreinatuko dute, Jessica Biel protagonista duelarik.
Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Astearen XXIII. edizioa urriaren 27tik azaroaren 2ra bitartean egingo dute eta 22 lan izango dira Sail Ofizialen, horietatik hemeretzik Publikoaren sarirako lehian izango dira, 6.000 euroko diru-sariarekin. Gainera, 'El Hombre de las sombras' lana estreinatuko dute itxiera ekitaldian. Jessica Biel protagonista duen pelikula da, hain zuzen ere.
Gipuzkoako hiriburuan pentsaurrekoa eskaini dute Nerea Txapartegi udaleko Kultura eta Euskara ordezkariak eta Mikel Mendarte Kutxa Fundazioko Kultura eta Kirol zuzendariak. Gainera, Josemi Beltran Donostia Kulturako Zinema arduradunak euskarazko programazioa goraipatu du, 'Klasiko Handiak' zikloko hainbat filmekin, eta euskarazko azpidatzidun lanak Victoria Eugenian izango direla gaineratu du.
'El hombre de las Sombras' izango da Sail Ofiziala itxiko duen pelikula. Pascal Laugierrek zuzentzen du eta Jessica Biel da protagonista. Hasiera ekitaldian Scott Derricksonen Sinister izango da ikusgai, Ethan Hawke protagonista duelarik.
Horrela, Publikoaren Sarira hautagai diren lanen artean 'The ABC's of death' goraipatu du. 26 zuzendarik parte hartzen dute, tartean Nacho Vigalondo espainiarra. Hiltzeko modu ezberdinak azaltzen dira.