Zinema
Urtarrilak 24 – otsailak 1
Nazioarteko gatazkak hizpide, Fipadoc Biarrizko jaialdian
EITB Media
Balkanei, Ukrainari, Irlandari, Palestinari eta beste hamaika tokiri begiratuko diete dokumentalen Biarrizko jaialdian.
-
"The Bibi files" Netanyahuren ustelkeria auziei buruzko filma emango dute
Fipadoc Biarrizko dokumentalen jaialdiaren aurtengo edizioak, zazpigarrenak, nazioarteko gatazkak eta gerrak jarriko ditu lehen lerroan, urtarrilaren 24tik otsailaren 1era.
Bosniako gerra bukarazi zuten Daytoneko akordioak sinatu zireneko 30. urteurrenarekin bat, Balkanetako egoerari buruzko sail osoa egongo da, Focus Balkans, eta zortzi lan proiektatuko dituzte bertan, Albaniako, Bosnia Herzegovinako, Kroaziako, Greziako, Kosovoko, Montenegroko, Ipar Mazedoniako, Serbiako eta Esloveniako aktualitateari eta iraganari buruz, Churchillen esanetan "kontsumi dezakeen baino historia gehiago sortzen duen lurraldeaz" gehiago jakiteko.
Gainera, Ukrainako inbasioari buruzko lanak ere izango dira, eta Israel eta Palestinari buruzkoak, hala nola The Bibi files Benjamin Netanyahuren ustelkeria auziei buruzkoa eta Ez dut gorrotatuko Israelen lan egiten duen palestinar zirujau baten istorioa... Euskal ekoizpen bat ere izango da ikusgai, Indarkeriaren Oihartzunak Amaia Merino Unzueta eta Ander Iriarteren lana, Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldiko film onenaren sariaren irabazlea.
Lapurdiko sorgin ehizari buruzko lan bat ere ikusi ahalko da jaialdian, lehiatik kanpo, Les sourceries du Pays Basque.
Tardes de soledad Albert Serrak zezenketei buruz egindako lana, Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorraren lan irabazlea, ere ikusgai izango da Biarritzen, euskarako azpitituluekin.
The flats ere proiektatuko dute, esate baterako, Belfasteko auzo txiroenetako batean filmatutako dokumentala, baita Trumpen izenean eta Familia bat ere, euskarazko gainidatziekin horiek biak.
150 dokumental eta 16 sari, orotara.