Zinema
Urtarrilak 24 – otsailak 1
Bederatzi euskal film, Gasteizko Zinemastea jaialdiaren 41. edizioan
N. V. | EITB Media
"La infiltrada", "Marco", "Soy Nevenka", "Una ballena", "Nina", "Azken erromantikoak"… Bederatzi film proiektatuko dituzte, Vital Fundazioa Kulturunean, 3 euroko prezioan.
-
"Azken erromantikoak" urtarrilaren 27an emango dute. Argazkia: David Herrnaz.
Zinemastearen, joan den urtera arte Gasteizko Euskal Zinemaren Astea zen jaialdiaren, 41. edizioa urtarrilaren 24tik 31ra egingo dute, Vital Fundazioa Kulturunean (Bakea kalea 5, Dendarabako 1. solairua, Gasteiz). Amaiera ekitaldia eta sari banaketa otsailaren 1ean izango dira, Gasteizko Europa Jauregian.
Zinemaren aste honetan, bederatzi film izango dira ikusgai, egunean bat (19:30ean), larunbatean, urtarrilaren 25ean, izan ezik, saio bikoitza izango baita (16:45ean eta 19:30ean). Saio guztietara eta amaiera ekitaldira joateko abonuak (22 €) eta eguneko sarrerak (3 €) gaurtik aurrera eros daitezke jaialdiaren webgunean.
Amaiera ekitaldirako gonbidapenak Vital Fundazioaren egoitzan jaso ahalko dira, Kordoi Etxean (Aiztogile kalea, 24).
Aurten, Zinemastea Sari Berezia emango diote, aurrenekoz, euskal zinemaren ekoizpenari laguntzeko egindako lanagatik nabarmendu diren erakunde nahiz eragile bati.
Hau da zikloaren egitaraua:
Urtarrilak 24: Una ballena (Pablo Hernando)
Urtarrilak 25: El bus de la vida (Ibon Cormenzana) eta Deviant (Daniel M. Caneiro)
Urtarrilak 26: Nina (Andrea Jaurrieta)
Urtarrilak 27: Azken erromantikoak (David Perez Sañudo)
Urtarrilak 28: Soy Nevenka (Iciar Bollain)
Urtarrilak 29: La infiltrada (Arantxa Echevarría)
Urtarrilak 30: Marco (Jon Garaño eta Aitor Arregi)
Urtarrilak 31: Daniela forever (Nacho Vigalondo)
Zinemasteak bost kategoria ofizial ditu: film onena, zuzendaritza onena, gidoi onena, interpretazio nagusi onena eta aktore-taldeko interpretazio onena. Sari-multzoa osatzeko, ikusleek film onenari ematen dioten saria eta Vital Fundazioak zinemarekin zerikusia duten arabar irudiak saritzen dituen Gutako Bat saria daude.