Itxi

Zinema

Balantzea

"Del revés 2" izan zen iaz pelikula ikusiena Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zinema aretoetan

N. V. | EITB Media

EZAE Euskadiko Zine Aretoen Elkartearen datuen arabera, EAEko aretoetako publiko kopurua % 6 jaitsi zen 2023koarekin alderatuta. "La infiltrada" izan da euskal pelikula ikusiena, "Irati" eta "20.000 especies de abejas" bezalako pelikula "arrakastatsuen" faltan.

  • "Del revés 2"

    "Del revés 2"

"Del revés 2" animaziozko filma izan zen "nabarmen" 2024an Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zinema aretoetan ikusle gehien bildu zituen pelikula, EZAE Euskadiko Zine Aretoen Elkarteak zabaldu dituen datuen arabera. 261.933 pertsonak ikusi zuten Pixarren pelikula.

EZAEk ohartarazi du EAEko zinema aretoetan % 6 jaitsi dela ikusleen zenbatekoa, 2023ko datuekin erkatuta (3.640.000tik 3.421.000ra pasatu da), baina diru bilketari dagozkion zenbakiak parekatuago daude (% 1 jaitsi da).

Elkarteak AEBko gidoigile eta aktoreen grebari egotzi dio beheraldi hori, "aurreikusita zeuden nazioarteko hainbat estreinaldi 2025era atzeratu baitziren horren ondorioz".  

2024an, gainera, "ez da euskal filmen arrakasta handirik nabaritu leihatilan, 2023an 'Irati' edo '20.000 erle-espezie' filmekin gertatu zen bezala".

2024an, 10 film hauek izan dira ikusienak: 'Inside out 2', 'Deadpool y Lobezno', 'Gladiator II', 'Gru 4 mi villano favorito', 'Vaiana 2', 'La Infiltrada', 'Dune: Parte Dos', 'Kung Fu Panda 4', 'Robot salvaje' eta 'Padre no hay más que uno 4'.

EZAEk zinema areto hauek biltzen ditu: Golem Alhondiga (Bilbo), Bastero Kulturgunea (Andoain), Areria (Lazkao), Gurea (Villabona), Ikusgarri (Lekeitio), Meatzari (Muskiz), Antiguo Berri (Donostia), Florida (Gasteiz), Gorbeia (Etxabarri-Ibiña), Niessen (Errenteria), Principe (Donostia), Trueba (Donostia), Getxo Zinemak, Zugaza (Durango), Multicines (Bilbo), Olalde (Mungia), Oñatiko Zinema, Ururbe (Beasain) eta Zelai Arizti (Zumarraga).

 

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Zinema
  • Kultura