Zinema
Proiekzioak eta solasaldiak
Denbora hartuko du ardatz Zinema eta Zientzia zikloaren zortzigarren edizioak
N. V. | EITB Media
Hamabi film proiektatuko dituzte urtarriletik martxora Gasteizen, Donostian, Bilbon, Iruñean eta Donibane Lohizunen, eta hogei zientzialari inguru publikoarekin eztabaidan arituko dira.
-
John Carpenterren "The thing" (Gauza) izango da pelikuletako bat
"Zinema eta Zientzia" Euskadiko Filmategiak, DIPC Donostia International Physics Centerrek eta Donostia Zinemaldiak antolatutako zikloaren zortzigarren edizioak denboraren kontzeptuan sakontzea proposatuko du bihartik, urtarrilak 9, hasita.
Hamabi film proiektatuko dituzte, martxora bitartean, Gasteizen (Artium Museoa), Donostian (Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa), Bilbon (EHUren Bizkaia Aretoko Mitxelena auditoriuma), Iruñean (Golem Baiona zinemak) eta Donibane Lohizunen (Le Sélect zinema).
Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean programa osoa proiektatuko dute, eta Donibane Lohizunen, berriz, hauek: Vincere, Une merveilleuse histoire du temps, Le Théorème de Marguerite, Gravity eta La Bataille de l'eau Lourde.
Gainerako filmak hauek izango dira: The Theory of Everything –La teoría del todo–, The Time Machine –Denboraren makina– (azpitituluak, euskaraz), Frankenstein –El doctor Frankenstein– eta The Bride of Frankenstein –La novia de Frankenstein– saio bikoitzean, The Thing –Gauza– (azpitituluak, euskaraz), High Life, Everything Everywhere all at once –Dena batera leku guztietan– (azpitituluak, euskaraz), Kampen om tungvannet –La batalla del agua pesada–, Djúpiò –The Deep– eta Erin Brockovich (azpitituluak, euskaraz).
Gizarte-zientziak lehen aldiz sartu dituzte egitarauan, eta horregatik proiektatuko dute Vincere filma (Marco Bellocchio), faxismoaren gorakadaren fenomenoa aztertzen duen lana.
Ohi bezala, publikoak aukera izango du nazioarteko ospea duten hogei bat zientzialarirekin eztabaidatzeko, hainbat gairi buruz: zulo beltzak, denboran zeharreko bidaiak, multibertsoa eta bizitza modu artifizialean sortzea, besteak beste.
Sarrerak online erosi ahalko dira, bai eta leihatiletan ere, 3,5 eta 6 euro bitarteko prezioan: Tabakaleran, Artium Museoan, Arte Ederren Bilboko Museoan (saioak Bizkaia Aretoan izango dira, pinakotekan obrak egiten ari baitira) eta Le Sélect eta Golem Baiona zinema-aretoetan.