Itxi

Zinema

Heriotza

Marisa Paredes aktorea hil da

EITB Media

78 urte zituela zendu da aktore madrildarra, zineman eta antzerkian ibilbide oparoa egin eta gero.

  • Marisa Paredes, 2018ko Goya sarietan. Argazkia: Efe.

    Marisa Paredes, 2018ko Goya sarietan. Argazkia: Efe.

Marisa Paredes aktorea zendu da, 78 urte zituela, Espainiako Zinema Akademiak iragarri duenez. Hain zuzen ere, elkarte horretako presidentea izan zen Paredes, 2000. urtetik 2003.era.

Paredesek 14 urte zituela egin zuen debuta zineman: Esta noche tampoco (Jose Osuna) eta 091 Policia al habla (Jose Maria Forque) pelikuletan. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan, bigarren mailako hainbat paper kateatu zituen, harik eta, 1983an, Pedro Almodovarrekin lehenengoz lan egin zuen arte, Entre tinieblas filmean. Harrezkero, Amodovarren eta Paredesen izenak elkarri lotuta gelditu ziren, eta hainbat eta hainbat filmetan aritu ziren batera, hala nola Tacones lejanos, La flor de mi secreto, Todo sobre mi madre, Hable con ella eta La piel que habito.

Almodovarrekin ez ezik, Paredesek beste zinema zuzendari handi askorekin ere lan egin zuen: Roberto Benigni (La vita è bella), Arturo Ripstein (Profundo Carmesi), Guillermo del Toro, Amos Gitai, Daniel Schmid, Alain Tanner, Maria Sole Tognazzi, Cristina Comencini eta Manoel de Oliveira.

Antzerkian ere ibilbide azpimarragarria izan zuen Paredesek, eta zenbait idazle handiren lanak antzeztu zituen: Valle-Inclan, Lope de Vega, Tennessee Williams eta Shakespearen (Hamlet, Arriaga Antzokiaren ekoizpena 2006an).

Donostiako Zinemaldiak "atsekabe sakona" agertu du Marisa Paredesen heriotzaren aurrean, "aktorea, letra larriz, eta Donostiako jaialdiaren lagun maitea". Gogora ekarri dute askotan bisitatu zuela zinema jaialdia.  

Horrez gain, irailean Paredesek Zinemaldiaren azken edizioan parte hartu zuela ekarri dute gogora, eta besarkada handi bat helarazi die "senideei, kideei eta, gu geu bezala, haren lagunak izan zirenei".