Itxi

Zinema

Gipuzkoa

Nacho Vigalondok zuzendutako "Daniela Forever" filmak abiatuko du Donostiako Beldurrezko Zinemaren Astea

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Zintak Henry Golding, Beatrice Granno, Aura Garrido, Ruben Ochandiano eta Nathalie Poza ditu protagonista, eta Torontoko Zinemaldian estreinatu zuten joan den irailaren 5ean. Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 35. Astea urriaren 25etik azaroaren 1era bitartean izango da.

  • "Daniela Forever" Nacho Vigalondoren pelikula berriaren irudietako bat. Argazkia: DONOSTIAKO UDALA

    "Daniela Forever" Nacho Vigalondoren pelikula berriaren irudietako bat. Argazkia: DONOSTIAKO UDALA

Nacho Vigalondok zuzendutako film berriak, "Daniela Forever" (2024) euskal koprodukzioak, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 35. Astea inauguratuko du datorren urriaren 25ean. Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 35. Astea urriaren 25etik azaroaren 1era bitartean izango da. 

Vigalondoren lan berriak Henry Golding, Beatrice Granno, Aura Garrido, Ruben Ochandiano eta Nathalie Poza ditu protagonista, eta Torontoko Zinemaldian estreinatu zuten joan den irailaren 5ean.

Nacho Vigalondok zuzendutako bosgarren film luzea da, "Los cronocrímenes" (2007ko Beldurrezko Astean inauguratu zuena), "Extraterrestre" (2011), "Open Windows" (2014) eta "Colossal" (2016) filmen ondoren. Azken urteetan hainbat telesailetan lan egin du; "Historias para no dormir" telesail berriaren "La alarma" (2022) kapitulua berak zuzendua da.

Amodioari, dilema pertsonalei eta ametsei buruzko distopia originala da Vigalondoren lan berria. Nicolasentzat (Henry Golding) bizitzak zentzu guztia galdu du neskalagun Danielaren (Beatrice Grannò) heriotzaren ondoren. Egun batean, ametsak kontrolatzeko ahalmena emango dion saiakuntza kliniko batean parte hartzera gonbidatzen dute, eta baiezkoa ematen du, horrek suspertuko duelakoan. Orain Nicolasek gauero amets egin dezake Danielarekin eta elkarren artean inoiz baino idilikoagoa den harremanarekin.

Egitarauaren aurrerapena

Sail Ofizialean lehiatuko diren hainbat pelikularen izenak aurreratu ditu astelehen honetan Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak. Egitarau osoa urriaren erdialdean jakinaraziko dute.

Besteak beste, Franz Kafkari dedikaturiko bi saio izango dira Tabakaleran, haren heriotzaren mendeurrenaren harira. Bestalde, urriaren 26an Michael Hanekek 1997an zuzendutako "The Castle" pelikularen egokitzapena proiektatuko dute; eta urriaren 31an Kafkaren lanetan oinarritutako film laburren maratoia izango da.