Itxi

Zinema

Ekainak 24 – uztailak 1

Zinegoak jaialdiak 50 proiekzio eta jarduera eskainiko ditu 'queertopiak' aldarrikatzeko

N. V. | EITB Media

Film luzeak hiru sailetan banatuko dituzte: Fik, Dok eta Krak, narratiba berriei dagozkienak.

  • Zinegoaken antolatzaileak, jaialdiaren aurkezpenean

    Zinegoaken antolatzaileak, jaialdiaren aurkezpenean

Zinegoak LGTBIQ+ Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Bilboko Jaialdiak 'queertopiak' aldarrikatzeko 50 jarduera antolatu ditu Bizkaiko hiriburuko hainbat gunetan ekainaren 24tik uztailaren 1era arte. Proiekzioak, arte eszenikoak, solasaldiak, jardunaldi profesionalak eta jaiak izango dira, besteak beste, Bilborock, Golem Alhondiga, BilbaoArte, Bira, Sarean, Arriaga antzoki edota Guggenheim museoan.

Film luzeen sail ofizialean, 15 lan izango dira lehian, ohiko hiru sailetan: FIK, DOK eta KRAK (narratiba berriak). Film laburrei dagokionez, 30 lan lehiatuko dira sail ofizialean eta bost ziklo izango dira: ohikoak diren 'Haurtzaroa eta Nerabezaroa' eta 'Emakume Zuzendariak', iaz abiaturiko 'TBIQ+', eta aurten martxan jarriko diren 'Queertopiak' eta 'Sexilioak'.

Zinegoak ekainaren 24an hasiko da, Arriaga antzokian ospatuko den inaugurazio ekitaldiarekin. Han, Clarisa Navas zuzendari argentinarrak jaialdiaren Ohorezko Saria jasoko du.

Jaialdiaren itxiera ekitaldia uztailaren 1ean izango da, Bilborocken, eta bertan jakinaraziko da 21. edizioko irabazleak nortzuk diren, tartean, Zinegoak Sari Nagusiarena, zeinak EITBren parte hartzea baitu.

Lehenengo aldiz, Zinegoak jaialdia eta EITBren Primeran plataforma digitala lankidetzan ariko dira kanal bat sortzeko jaialdian parte hartu duten hainbat filmekin eta sexu aniztasuna lantzen duten bestelako ikus-entzunezkoekin batera.

Bilbon egiteaz gain, beste urte batez Zinegoak Hego Euskal Herriko hamaika udalerritan ere antolatuko da. Zehazki, 54 herrik parte hartuko dute ZG Hedapena programan.

Alaitz Arenzana jaialdiaren zuzendariak 21. edizioko ildo nagusiak azaldu ditu aurkezpenean. "Aurten beren-beregi indarra egin nahi dugu gure orainak eta etorkizunak irudikatu eta eraikitzeko aukeran, maila kolektiboan ere, ez bakarrik indibidualki. Horiek dira zabaldu, eraiki eta bizi nahi ditugun espazioak, eta horiei guztiei 'queertopiak' deitzea erabaki dugu", adierazi du.