Zinema
27. edizioa
Kimuak katalogoa osatuko duten zazpi film laburrak aukeratu dituzte
N. V. | EITB Media
Koldo Almandoz, Iratxe Fresneda, Izibene Oñederra, Jorge Moneo Quintana, Aitor Abio, Joana Moya Blanco eta Alba Lozano zuzendarien lanak aukeratu dituzte euskal film laburrak sustatzeko eta zabaltzeko programaren aurtengo sortarako.
-
Iñaki Beraetxe aktorea, "Dinosaurioak" Koldo Almandozen film laburrean
Kimuak programaren 27. edizioko katalogoa osatuko duten zazpi film laburrak hautatu ditu epaimahaiak, jasotako 47 proposamenak aztertu eta gero. 'Dinosaurioak' (Koldo Almandoz), 'Errotatiba' (Iratxe Fresneda), 'Etorriko da (eta zure begiak izango ditu)' (Izibene Oñederra), 'Exergo' (Jorge Moneo Quintana), 'Patrimonio' (Aitor Abio), 'Todo lo cubre la sal' (Joana Moya Blanco) eta 'Utländsk' (Alba Lozano) dira lan horiek.
Etxepare Euskal Institutuak eta Zineuskadik garatzen duten programak euskal film laburren sustapena eta zabalkundea du xede, eta, urtero bezala, nazioarteko zinema jaialdietara bidaliko dute sorta "gaurtik bertatik hasita".
Aurtengo batzordea honako kideek osatu dute: Alaitz Arenzana Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiko zuzendari artistiko eta Sra. Polaroiska talde artistikoko kideak, Claudio Zilleruelo Acra, Black Canvas Zinema Garaikidearen Jaialdiaren sortzaile eta zuzendari artistikoak eta Xavi Herrero Ibizacinefest-Cinema Independent d ´Eivissaren Nazioarteko Jaialdiaren zuzendari eta programatzaileak.
Filmetako bat euskara hutsean egina dago, beste bat euskaraz eta gaztelaniaz, eta hirugarren bat euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Bi osoki gaztelaniaz eginak daude, eta azken biek ez dute elkarrizketarik.