Itxi

Zinema

40 urte bete ditu filmak

"Tasio"ren bertsio zaharberrituak Donostiako Zinemaldiaren Klasikoak saila irekiko du

N. V. | EITB Media

Canneseko zinemaldian proiektatu eta gero, Montxo Armendarizen film klasikoaren 4K-ko kopia berria Donostian izango da ikusgai. Euskadiko Filmategiak berriztatutako lana Frantziako Estatuko zinemetan ere ikusiko da 2025ean.

  • Patxi Bisquert eta Amaia Lasa, "Tasio" filmatzen. Argazkia: Euskadiko Filmategia.

    Patxi Bisquert eta Amaia Lasa, "Tasio" filmatzen. Argazkia: Euskadiko Filmategia.

Euskadiko Filmategiak Tasio filma (Montxo Armendariz, 1984) zaharberritu du, Boloniako Cinetecaren baitako L'immagine Ritrovata laborategietan, eta Canneseko eta Donostiako zinema jaialdietan ikusi ahalko da pelikula, itxura berriarekin.

Bolonian, Espainiako Filmategian gordeta zeukaten materiala berraztertu, eskuz konpondu eta ultrasoinuekin garbitu zuten. "Eskaneatu ostean, digitalki zaharberritu zuten gero: irudia egonkortu, eta marrak nahiz zikinkeria ezabatu zizkioten. Azkenik, kolorea zuzentzeari eta soinua zaharberritzeari ekin zioten; hain zuzen, Armendarizek berak ikuskatu zituen lan horiek bertatik bertara", Euskadiko Filmategiak azaldu duenez.

Orain, Tamasa banatzaile frantziarrak eskubideak erosi ditu, 2025ean Frantziako aretoetan proiektatzeko.

Tasio

Tasioren bizitza irudikatzen du filmak. Lokiz mendilerroan (Nafarroa) dagoen herri txiki bateko mutikoa da; zortzi urterekin hasi zen mendiko lanetan, eta 14 betetzerako ikazkina zen, aita bezala. Bizilagun askok lan finkoaren bila hirira alde egin arren, Tasiok nahiago du bere askatasunari eutsi eta mendian bizi. Anastasio Ochoa Ruiz (Tasio) ikazkin eta isileko ehiztariaren bizitza du oinarri filmak; gizon hura Zuñigan jaio zen 1916an, eta 1989an hil zen Valderrota mendian.

Lantalde tekniko eta artistiko garrantzitsua bildu zuen filmak; besteak beste, Elias Querejeta (ekoizlea), Pablo G. del Amo (muntatzailea), Gerardo Vera (zuzendari artistikoa), Angel Illarramendi (konpositorea), José Luis Alcaine (argazki-zuzendaria), Alfredo Mayo (kamera) eta José Luis López-Linares (argazki finkoa) aritu ziren lanean. Bestalde, Patxi Bisquertek eta Amaia Lasak gorpuztu zituzten protagonistak.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Zinema
  • Kultura