Zinema
Palmaresa
"Indarkeriaren oi(h)artzunak" irabazle, Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldian
N. V. | EITB Media
Amaia Merinoren eta Ander Iriarteren filmak film luze onenaren saria jaso du, "Mediha" filmak Amnesty International saria eta "The weight of light"ek film labur onenarena.
-
Adur Larreak jantzi du marrazkiz "Indarkeriaren oi(h)artzunak"
Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldiak 21. edizioaren palmaresa iragarri du gaur, prentsaurreko batean. Gaur bukatuko den zinema jaialdian, besteak beste, migrazioa, indarkeria, lana, memoria, haurtzaroa, tortura, sexu askatasuna eta gerra hartu dituzte hizpide, zortzi egunez.
45 film, 26 luze eta 19 labur, proiektatu dituzte jaialdian, eta sarien irabazleen zerrenda iragarri dute gaur. Indarkeriaren oi(h)artzunak Amaia Merinoren eta Ander Iriarteren filmak irabazi du ikusleek film luze onenari emandako saria, Mediha filmak irabazi du Amnesty International saria, eta The weight of lightek, film labur onenarena.
Honela laburtu du Giza Eskubideen Zinemaldiak Indarkeriaren oi(h)artzunak EITBren parte-hartzea duen filma: "ETAk bere familia bahitu eta Estatuak aita torturapean hil eta 40 urtera, Tamara Muruetagoienak egiaren eta justiziaren bilaketa nekaezina egiten du. Tamarak, aurrez aurre, familiaren tragedia kontatzen du: iraultza zerga, ETAko talde batek 17 egunez bahitu izana, ondoren familia desegituratzea, estatuko makineriaren jazarpena, presio politikoa, epaiketa, aitaren eta amaren atxiloketa, torturak, hilketa... Baina baita bere bidea ere, egia jakitekoa, aitortzekoa eta elkarrizketa erabiltzekoa gatazkak konpontzeko tresna nagusi gisa".
Mediha yazidien aurkako genozidioari buruzko pelikula da. ISISek bahituta izan duen nerabe yazidi batek bere buruari zuzentzen dio kamera, erreskate taldeak bere senide desagertuak bilatzen ari diren bitartean. Iraganari aurre egin beharko dio egunkari filmatu oso pertsonal baten bidez, bere ahotsa aurkitu eta aurrera egiteko.
The weight of light filmean, Surya gazteak kamera bat aurkituko du Delhiko zabor mendi handi batean. Horrela, inguruko emakumeen kontatu gabeko istorioen leiho bihurtzen da bere kamera. Dokumentalaren eta fikzioaren erdibideko film honek zabor-biltzaileen komunitate bat du ardatz, hondakinen eta bero kiskalgarriaren artean, munduan duten lekua aurkitu nahian".
Gaur, azken egunean, programa bikoitza dago Giza Eskubideen Zinemaldian. 17:00etan, Muerte en Amara ikusi ahalko da Victoria Eugenian, eta 20:00etan, "Nina". Bi film horiek EITBren parte-hartzea dute.