Zinema
Proiektua
"Ombuaren itzala" filma bultzatzen ari dira, Pello Mari Otañoren omenez
N. V. | EITB Media
Patxi Bisquert aktore eta zinemagileak finantzazio kolektiboko kanpaina abiatu du, zizurkildar poeta eta bertsolaria zenaren memoria berreskuratu nahi duen pelikula ontze aldera.
-
Joseba Usabiaga eta Sara Cozar aktoreak, "Ombuaren itzala" filmean
Patxi Bisquert aktore eta zinemagilea aspaldidanik ari da Ombuaren itzala, Pello Mari Otaño zizurkildar poeta eta bertsolaria zenaren (Zizurkil, 1857 – Rosario, 1910) bizitzari eta obrari buruzko pelikula, aurrera ateratzeko teman. Orain, dirua biltzeko kanpaina kolektibo bat, "auzolan bat", jarri du martxan, proiektuaren "produkzio gastuak ordaintzeko".
"Emigrantearen herriminetik eta herri zapaldu baten berpizkundetik eginiko bidaiari" sostengua eman nahi dionak Verkami plataformako kanpainan parte hartu ahalko du, eta proiektuari zer diru ekarpen egin nahi dion zehaztu.
Pello Mari Otañok 1876an, Foruen abolizioaren ondoren, ihes egin zuen lehen aldiz Ameriketara, eta bi-hiru urteren buruan itzuli zen Zizurkilera, Brasilen, Argentinan eta Uruguain artzain eta ferratzaile ibili ondoren.
Gero, Ameriketara itzultzea erabaki zuen, eta ia hamar urte egin zituen bertan gautxo, abereak zaintzen, gaixotu eta Euskal Herrira itzultzea erabaki zuen arte. Momentu horretantxe hasiko da Ombuaren itzala filmaren narrazioa.
Karlisten eta liberalen arteko liskarrek zeharkatzen zuten gizarte batean, Otaño bere lekua aurkitzen saiatuko da: Madalen Alberdirekin ezkonduko da, eta nolabaiteko oihartzuna lortuko du bere poesia konposizioengatik.
Halere, Argentinara itzuli behar izango du Otañok bigarrenez, familiarekin batera, etorkin ekonomiko gisa. Han, poema bat idatziko du, ombú Argentinako zuhaitza eta jaioterriko baserriaren ondoko intxaurrondoa gogoan hartzen zituena. Hortik Bisquerten proiektuaren izena.
Bertso paperak, olerki bildumak eta Artzai mutilla opera argitaratu zituen Otañok, besteak beste.
Patxi Bisquert zuzendari eta ekoizlearekin batera, aktore hauek hartuko dute parte filmean: Uma Manterola, Olatz Beobide, Sara Cozar, Joseba Usabiaga, Iñaki Beraetxe, Ramon Agirre eta Kandela Manterola.