Itxi

Zinema

Ekainak 23 - uztailak 3

Zinegoak, 20. urteurrena ospatzeko irrikaz

N. V. | EITB Media

Ekainaren 23tik uztailaren 3ra egingo dute Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdia, ohi baino beranduago. 16 film luze eta 25 labur erakutsiko dituzte Sail Ofizialeko hiru ataletan, baita bi euskal antzezlan ere.

  • 'Something you said last night' film luzea Sail Ofizialean izango da

    'Something you said last night' film luzea Sail Ofizialean izango da

Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdia ekainean egingo dute aurten lehen aldiz, hilaren 23tik uztailaren 3ra hain zuzen ere, "jai eta aldarrikapen giroan".

Alaitz Arenzana jaialdiko zuzendariaren hitzetan, edizio honetan "Zinegoakek identitate aldakorretan jarri du arreta, generoa aldatzeko eta deskubritzeko lekua dela ulertuta".

Film luzeen sail ofizialean, nazioarteko 16 lan lehiatuko dira jaialdiko ohiko hiru sailetan: FIK, DOK eta KRAK (narratiba berriak). "Programazioaren bidez, gai hauek jorratu nahi izan ditugu: esnatze sexuala, norberak bere burua ezagutzea (Lobo e Cão, Something You Said Last Night), gure gorputzekiko gozamena (Fierce a porn revolution), sorlekura itzultzea (Liube), memorien artxiboa (Casa Susanna, Anhell69), zapalkuntzaren egitura hegemonikoak ezabatzeko borroka (Wildhood, Who Im not) edo beste mundu batzuk erakusteko eta pentsatzeko ilusioa (Alteritats, De noche los gatos son pardos)".

Sail ofizialean lehiatuko diren 25 film laburrei dagokienez, "Haurtzaroa eta nerabezaroa" eta "Emakume zuzendariak" ohiko zikloez gain, Zinegoakek bi ziklo berri izango ditu: "Lotura primarioak" eta "TBIQ+".

Gainera, lehiaketa ofizialetik kanpo, "Erroak" ziklo klasikoa izango da, Euskal Herrian ekoitzitako hainbat film laburrekin.

Zinema baino gehiago

Jaialdia ekainaren 26an hasiko da, Arriaga antzokian, eta Angeles Cruz zuzendari mexikarrak Zinegoak 2023 Ohorezko Saria jasoko du bertan.

Aldez aurretik, ekainaren 23tik 25erako asteburuan, "3, 2, 1... Zinegoak!" aurrejaialdia ospatuko dute: Nina Menkes zinemagilearen lanen proiekzioa, Queer (Un) Belongings emanaldia eta Gure garaian Dantzertik eta Musikenek bultzatutako antzezlanaren estreinaldia…

Proiekzioez gain, Zinegoakek hainbat jarduera osagarri ere antolatuko ditu ekaineko azken astean, hala nola Identitarteak Gilkitxaro konpainiaren antzezlanaren emanaldia (La Fundición), Esaiozu X antzezlan eszenikoa, My way out Izaskun Arandiak zuzendutako dokumentalaren aurkezpena eta Angeles Cruzen atzera begirako bat.

Ekainaren 28an, arratsaldez, nolanahi den, Zinegoakek ez du jarduerarik programatu, Ekainaren 28ko Koordinakundeak antolatutako manifestaziora joateko helburuarekin.

Jaialdiaren amaiera ekitaldia uztailaren 3an, astelehenarekin, egingo dute, Bilborocken, eta hogeigarren edizio honen palmaresa iragarriko dute bertan.