Zinema
Premiere sailean
Victor Ericek Canneseko jaialdian estreinatuko du "Cerrar los ojos"
N. V. | EITB Media
Euskal zinemagilearen lehen film luzea da, "El sol del membrillo" 1992ko lanaren ondoren, eta "El espíritu de la colmena"k mende erdia beteko duen urtean iritsiko da Frantziako jaialdiaren Premiere sailera.
Victor Erice zuzendariak (Karrantza Harana, 1940) Canneseko zinema jaialdiko Premiere sailean estreinatuko du "Cerrar los ojos" bere film berria, "El sol del membrillo" 1992ko filma estreinatu zuenetik egindako lehen film luzea.
EITBren parte-hartzea duen filmaren gidoia Ericek berak eta Michel Gaztambidek idatzi dute, eta desagerpen bat du abiapuntu, identitatearen eta memoriaren gaia jorratzeko. "Cerrar los ojos" lanaren aktore zerrendan, besteak beste, hauek daude: Manolo Solo, Jose Coronado, Ana Torrent, Maria Leon, Petra Martinez, Soledad Villamil, Mario Pardo, Elena Miquel eta Jose Maria Pou.
Jaialdiaren Sail Ofizialean, besteak beste, Wes Anderson, Hirokazu Kore-eda, Wim Wenders, Aki Kaurismaki, Ken Loach, Todd Haynes eta Marco Bellochio zuzendarien azken lanak lehiatuko dira. Lehiatik kanpo, "Killers of the flower moon" Martin Scorseseren film berria eta Indiana Jonesen azkena proiektatuko dira.