Zinema
Elkarrizketa
Izaskun Arandia: "Nik filma egiten disfrutatu eta ikasi dudana publikoak disfrutatu eta ikastea nahiko nuke"
Natxo Velez | EITB Media
Gaur, ostiralarekin, zinema aretoetara iritsiko da "My Way Out" dokumentala. Izaskun Arandiak zuzendutako lehen film luzeak The WayOut Londreseko trans klubaren nondik norakoak aletzen ditu.
-
Izaskun Arandia, "My Way Out" filmaren zuzendaria
The WayOut dantzalekua, neska transentzako eta lagun dantzazale begirunetsuentzako gau kluba, 1993an ireki zuten, Londresen, eta hogeita hamargarren urteurrena bete du aurten, zailtasunak zailtasun, pertsona orori den modukoa izateko espazioa eskaintzen.
Izaskun Arandia zinemagileak (Tolosa, 1972) bertako historia eta toki horretatik pasatu diren hainbat pertsonaren istorioak bildu ditu, lekukotasunak eta artxiboko irudiak erabiliz, "My Way Out" gaur, martxoak 31, Trans Ikusgarritasunaren Nazioarteko Egunarekin bat, zinema aretoetara iritsiko den dokumentalean.
Arandia zuzendariarekin hitz egin dugu.
Nola ezagutu zenuen The WayOut kluba? Zerk eman zizun arreta "santutegi seguru" honen inguruan, bere historia pantaila handira eramatea erabakitzeko?
2016an, Yogurinha Borovarekin beste proiektu bateko dokumentazio fasean ari nintzela ("Ni Naiz Naizena" websaila bihurtu zen gero), Yogurinhak berak aipatu zidan bazegoela Londresen dantzaleku berezi hau eta berak aspalditik izan zuela WayOut ezagutzeko ametsa.
Londresera bisitan joan nintzen hurrengoan, WayOuteko jabea den Vicky Leerekin kontaktuan jarri, eta hortxe azaldu nintzen larunbat gauean. Gau horretan bertan pentsatu nuen Vickyk berak eta dantzalekuak dokumental bat merezi zutela.
Leku oso berezia iruditu zitzaidan: jendea pozik, aske eta eroso dantza egiten eta sozializatzen ikusi nuen, eta segituan ikusi nuen hori Vickyri esker zela. Berak ziurtatzen du trans pertsonentzat leku segurua izaten jarraitzen duela 30 urteren ondoren.
Segituan ekin genion "My Way Out" dokumentala garatzeari.
Zer kontatu erabaki eta gero, nola kontatu erabaki zenuen. Zergatik desagerrarazi zenuen narratzailea eta tartekatu zenituen artxiboko irudiak, protagonisten lekukotasunak eta dantzalekuaren gaur egungo irudiak?
Hasieratik, argi nuen protagonistek beren istorioak eta esperientziak kontatzea nahi nuela. Nik ikus-entzulearen papera hartu nuen, eta gero, zuzendari bezala, jasotako istorioak filmean erakustea eta transmititzea izan da nire lana.
"My Way Out"en atzera begirada bat egiten dugu dantzalekuaren 30 urteak errepasatuz, gaur egungo dantzalekua oinarritzat hartuz. Artxiboko irudiak erabiltzea, beraz, oso garrantzitsua zen, dantzalekuaren garapena ikusteko.
Elkarrizketen bidez, gure bost pertsonaiek bizipenak lehen pertsonan kontatzeko aukera izan dute, eta, nire ustez, konexio emozionala eragin du horrek ikuslearekin.
Oso proiektu herrikoiak dira nola "My Way Out", finantzazio kolektiboa izan duena, hala The WayOut kluba bera. Zein izan dira oztopo nagusiak filma pantailaratzeko bidean?
Bultzada handiena hasieran egin genuen crowdfunding kanpaina izan zen. Horrek erakutsi zigun herritarren aldetik bazeudela film hau ikusteko eta babesteko nahia eta gogoa. Finantzazio horri esker egin genituen Londreserako lehenengo bidaiak eta grabaketak.
Hortik aurrerakoa, nire koproduktoreak eta nire ekoiztetxeak autofinantzatu behar izan dugu, ez baitugu jaso inolako dirulaguntza publikorik.
Beste oztopo handi bat pandemia izan zen. 2020ko abuzturako aurreikusia genuen azken filmaketa bertan behera geratu zen, dantzalekua itxi behar izan zutelako eta bidaiatzerik izan ez genuelako denbora luzez.
'My Way Out'
Lokalaz gain, bost pertsona dira filmaren protagonista nagusiak: Vicky Lee, Lesley, Kam, Geri eta Andie. Nola gerturatuko zenieke horietako bakoitza labur-labur filma ikusi nahi dutenei?
VICKY LEE (68)
WayOut klubaren sortzailea. Dantzalekuaren arima, artista, MCa. Klubeko ama gorena. "Inbetweenie" gisa identifikatzen du bere burua. Vickyren bidez, WayOuten hiru hamarkadako historian sakonduko dugu.
LESLEY (67)
Zis pertsona eta Vickyren emaztea. Haren trantsizioa oso une zail eta nahasgarri gisa bizi izan zuen. Terapiarekin eta maitasun handiarekin, krisia gainditzea lortu zuten eta elkarrekin zoriontsu jarraitzen dute 50 urteren ondoren.
ANDIE (69)
WayOutera joaten hasi zenetik sendatu zaizkion buruko osasun arazoei buruz hitz egiten digu. Bere genero-espresioa batzuetan maskulinoa da, eta beste batzuetan femeninoa.
GERI (40)
Filipinetan jaiotako abeslaria. Ingalaterran egin zuen debuta abeslari gisa, WayOut diskotekan. Aitak jipoiak ematen zizkion bere sexu- eta genero-identitateagatik. Beste artista bat bezala onartua izan nahi du.
KAM (42)
Ingalaterran jaioa, indiar jatorrikoa. Bere kulturak bere benetako nortasunari uko egitera bultzatu zuen. Kamek bere trantsizio medikoari buruz hitz egiten digu, eta trans bizipena esperientzia positibo eta zoragarritzat deskribatzen digu filmean.
Andie, 'My Way Out'
Filmak egin du bere bidetxoa Donostiako Zinemaldian estreinatu zenutenetik. Zer harrera igarri duzue publikoaren aldetik? Zer iruditu zaie filmeko protagonistei?
Harrera oso ona izan du hautatua izan den zinemaldietan, eta jendeari asko gustatu zaio. Nahiz eta istorio gogorrak kontatu, filma oso positiboa eta alaia da. Dance musikaz josia dago, eta publikoa gustura ateratzen da zinema aretotik.
2022ko otsailean Londresera joan ginen filmaren azken muntaketa erakustera, eta protagonistei asko gustatu zitzaien. Ez zuten irudikatzen nola kontatuko genuen beren istorioa, eta harrituta geratu ziren. Vicky eta Lesley oso pozik eta eskertuta daude filmak dantzalekuari eta trans pertsonei ematen dien ikusgarritasunagatik, eta gaia begirune eta sentsibilitatez tratatu dugulako.
Zinema aretoetara iritsiko den honetan, zer etorkizun opa diozu filmari?
Atera Filmsen bidez, filmak ziurtatua du banaketa Espainiako Estatuan. Ahalik eta zine areto gehienetan egotea gustatuko litzaidake, eta ahalik eta jende gehienak filmean kontatzen diren istorioak ezagutzeko aukera izatea espero dut.
Bestalde, nik filma egiten disfrutatu eta ikasi dudana publikoak disfrutatu eta ikas dezala, filma zine aretoetan ikusten.
Atera Filmsen bidez, filmak ziurtatua du banaketa Espainiako Estatuan. Ahalik eta zine areto gehienetan egotea gustatuko litzaidake, eta ahalik eta jende gehienak filmean kontatzen diren istorioak ezagutzeko aukera izatea espero dut. Eta nik filma egiten disfrutatu eta ikasi dudana publikoak disfrutatu eta ikastea, filma zine aretoetan ikusten.