Zinema
Elkarrizketa
Paul Urkijo: "Publiko zabalarentzako pelikula bat da 'Irati'"
Natxo Velez | EITB Media
Zinemetara iritsi da azkenean "Irati", Paul Urkijo arabar zinemagilearen bigarren film luzea. Bidaia fantastikoa proposatzen du EITBren parte-hartzea duen produkzio ausartak, sinesmenen, maitasunaren eta euskal iruditerian zehar.
-
Paul Urkijo, "Irati" filmaren zuzendaria
Gaur iritsiko da zinema aretoetara "Irati", Paul Urkijo Alijo zinemagilearen (Gasteiz, 1984) bigarren film luzea. "Errementari" filmaren zuzendariaren estiloari dagokionez, euskal historiak, mitologiak eta fantasiazko generoaren hitzarmenek zedarritzen dituzte "Irati" filmeko gertakariak, baiki, baita akzioak ere (gurean inoiz baino ausartago filmatu dira pelikula honetan ezpata borrokak eta guduak), baina, oroz gain, "amodio istorio bat" sortu nahi izan du Urkijok.
"Euskal mitologiari, historiari eta akziozko zinemari idatzitako maitasun istorioa da Irati, eta askatasunez pentsatzen duten eta bizi direnen aldeko oda bat", adierazi du zuzendariak, Eneko Sagardoy eta Edurne Azkarate protagonista dituen filmari buruz.
VIII. mendeko Euskal Herrian erlijio monoteisten eta munduari begiratzeko beste modu batzuen arteko kultura talkak argitutako pelikulaz hitz egin dugu, Paul Urkijorekin.
"El ciclo de Irati" Joxean Muñoz eta Juan Luis Landaren komikian oinarrituta dago pelikula. Zerk piztu zizun istorioa pelikula bihurtzeko harra? Ipuineko zer elementuk egon behar zuen halabeharrez pelikulan eta zer tarte utzi diozu zure asmamenari istorioa biribiltzeko?
Txikitatik izan dut euskal mitologiarekiko maitasuna: gurasoek mendira eramaten ninduten, eta Basajauna basoan bizi zela kontatzen zidaten, erreketan laminak zeudela eta Mari kobazuloetan gordeta zegoela.
Gainera, etxean beti izan ditugu Barandiaranek jasotako eta 80ko hamarkadan marrazkiz jantzitako liburuak… Eta nik beti izan dut buruan euskal mitologiari buruzko pelikula epiko bat egin nahi nuela, ezpatekin, kapekin eta Erdi Aroko munduarekin lotutakoa.
90eko hamarkadan, "El ciclo de Irati" komikia irakurri nuen, eta VIII. mendeko istorio bat kontatzeko behar nituen elementu historiko eta mitologiko guztiak aurkitu nituen: Eneko gazte kristaua eta Irati basoan bizi zen neska paganoa…
Komikia gaztetxoentzat da, Pertzevalen edo Asterixen istorioen kutsu frantsesa du, baina elementu interesgarriak zituen, tonu ilunagoa emanda edo publiko helduagoarentzat egokitzeko baliagarri egiten zutenak.
Hortik abiatuta, otu zitzaidan abentura eta fantasia epikozko euskal pelikula bat egin genezakeela obsesio horiek guztiak ezpata eta aztikerien generora ekarrita.
Istorioaren elementu guztiak oso-oso landuta daude. Zer-nolakoa eta zenbat denboratakoa izan da pelikula eraikitzeko prozesua, filmatzen hasi arte?
Bost urteko prestatze lana izan da oraingoan.
Ilustratzailea ere banaizenez gero, idazten noan heinean landu ohi dut arte kontzeptua: lokalizazioetara joaten naiz, izaki mitologikoak nolakoak izango diren irudikatzen dut… Eta gero kontzeptu artistikoa biltzen duen liburuxka bat sortzen dut, azal gogor eta guzti, ekoizleei istorioa egingarria dela erakusteko.
Fantasia egiten dudanez, mugetatik hasten naiz pelikula pentsatzen, film laburrak egiten nituenetik: nola egin ahalko ditugun guduen sekuentziak, nola heldu izaki mitologikoen iruditeriari bisualki eta narratiboki efektu bereziz beteriko pelikula bat ez egiteko, baizik eta errealismo magikotik gertuago dagoen zerbait…
Hortik abiatuta, lantalde guztiekin hitz egiten dut, eta esparru bakoitzean sortzen diren beharrei ekiten diegu.
Filmatze lanak ere ez ziren errazak izango: elementu askoko gudak, zaldiak, kanpoaldeko sekuentzia asko, leizeak, hotza, argitasun gorabehera handiak… Zer oroitzapen dituzu filmatze prozesutik?
Proiektuak, plano guztiak, oso itxita edukitzen ditut beti, baina kasu honetan, naturak oso protagonismo handia duenez, organikotasunaren aldeko hautua egin nuen. Beraz, egia da pelikula handia dela, baina askoz lasaiago egon naiz, eskarmentuagatik agian, eta asko disfrutatu dut.
Horretan, noski, oso garrantzitsua izan da atzean eduki dudan "gudari" talde hori, baso, leize eta mendi artean lagundu didana. Oso giro ederra egon da filmatzean, eta ekipoaren energiari esker altxatu dugu pelikula hau.
Eneko Sagardoy, 'Irati'n
Eneko Sagardoy eta Edurne Azkarate aukeratu zenituen bi paper nagusietarako. Zer irizpideren araberakoa izan zen aukeraketa hori?
Eneko aspalditik ezagutzen nuen, "Errementari"tik, eta aktore bikaina da. Hain zuzen ere, "Errementari"ren promozioan ari ginela, ni banenbilen "Irati"rekin buruan, eta bertan proposatu nion Eneko Aritzaren papera hezurmamitzea. Eneko Sagardoyren aurpegia neukan buruan Erdi Aroko Eneko irudikatzeko.
Sekulako lana egin du: bere itxura fisikoa eraldatu du, zaldian ibili, ezpatarekin mugitu… Gainera, Erdi Aroko pertsonaia honi arku dramatiko ederra eman dio: istorioa aurrera doan heinean kristau sinesmena urtzen doakio Eneko pertsonaiari, eraldatu egiten da, eta Enekok begirada hutsarekin erakusten digu bidaia hori.
Edurne, bestalde, ez nuen ezagutzen, eta sorpresa ikaragarria izan da. Castinga egin nuen Irati aurkitzeko, eta ezusteko ederra hartu genuen Edurneren txanda iritsi zenean, antzinako bere euskara goitik behera landuta ekarri baitzuen. Flipatu egin genuen.
Pertsonaiak ukitu basatia du, basoan bizi da, baina begirada magnetikoa proiektatu eta tristezia eta bakardadea ere islatu behar ditu, eta hori oso argi ikusi nuen Edurnerengan. Gero, bigarren proba bat egin genuen Enekorekin batera, eta gero pantailan egiaztatuta gelditu den kimika hori bertatik bertara ikusi genuen. Han ikusi nuen lehenengoz nire heroi bikotea.
Edurne Azkarate, 'Irati'n
Hizkuntza oso zainduta dago: hitz jokoak ugari daude eta pertsonaiak definitzen laguntzen du, beste pertsonaia bat da ia hizkera. Nola ikusiko da pelikula Euskal Herriko eta kanpoko zinemetan?
Euskara erabiltzeko erabakia guztiz zorrotza izan zen, filmak euskarazko ipuinetan baitu jatorria. Gainera, "Errementari"rekin ikusi genuen atzerrian jendeak eskertu egiten duela filma euskaraz izatea.
Euskaldunontzat, Erdi Aroko euskara sortzen saiatu gara, Gorka Lazkanoren laguntzaz. Ez dugu ariketa dokumentalik egin, ez da orduko euskararen birsortze guztiz zehatza, baizik eta ikuslearentzat testura bat, Erdi Aroan are gehiago murgiltzeko.
Horrez gain, beste bertsio batzuk egongo dira, gaztelaniara bikoiztuta, Espainiako merkatuak hala eskatzen baitu, baina saiatuko gara ahalik eta zinema gehienetan euskarazko jatorrizko bertsioan eskaintzen.
Pelikulak egin du dagoeneko bere bidea zinema aretoetara iritsi aurretik: Sitgesen arrakastaz estreinatu zen, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean ikusi zen Donostian (sariak biotan), Durangoko Azokan… Jendearen zer erantzun jaso duzu orain arte?
Urrian estreinatu genuen, Sitgeseko zinema jaialdian, eta gozatu handia izan zen. Harrotasun handiz defendatu genituen euskara eta euskal mitologia bertako Sail Ofizialean, eta sekulako proiekzio ederra izan zen. Jendeak bere egin zuen pelikula, eta txalo zaparrada ikaragarria jaso genuen. Gainera, publikoaren saria irabazi genuen.
Hortik aurrera, Beldurrezko Zinemaren Donostiako Astean estreinatu genuen Euskal Herrian, eta han ere saria irabazi genuen, baita Malagan eta Tenerifen ere…
Jendeari asko gustatzen ari zaio, eta lasaiago nago aretoetan estreinatuko den egunari begira. Dena dela, kezka hor dago, nik publikoarentzat egiten baititu pelikulak, eta irrikan nago pelikula bere esku egoteko.
Generozko pelikula da "Irati", "Errementari" bezala, eta harrera beroa izan dute zinema mota horren zirkuituan (Sitges, Beldurrezko Astea…). Gure zinema sistema agian herrenean, baina, erdigunea hartuko du "Irati"k, urteko estreina garrantzitsuena izango da seguru asko. Nola bizi duzu bitasun hori?
Niri generoa da gustatzen zaidan esparrua, fantasiarekin eta beldurrarekin gozatzen dut gehien, hori da beti egin dudana eta egiten jarraitu nahi dudana. Eta publikoari horrelakoak eskaintzea da kontua. Ez dut uste jendeak horrelakorik ikusi nahi ez duenik, zineman jende gehien biltzen duten generoak fantasiazkoak baitira: superheroiak, pelikula epikoak, beldurrezkoak…
Hausnarketa bat egon behar da hor, baina. Ez ditugu atzerriko produktuak soilik kontsumitu behar, baizik eta halakoak hemen ere egin ditzakegula pentsatu. Material izugarria eta teknikari bikainak ditugu berton horrelakoak egiteko eta esportatzeko.
Dena dela, "Irati" nahiko pelikula transbertsala dela esango nuke; istorioa, trama, akzioa eta entretenimendua ditu, fantasiaz gain, baita hausnarketa ere. Publiko zabalarentzako pelikula bat da.
VIII. mendeko paganismoaren eta erlijio antolatuen arteko pultsu odoltsua jasotzen du istorioak. Munduaren egungo egoera ikusita, asko aldatu gara, funtsean, hamahiru mendean?
Pelikula laburtzeko, "Izena duen guztia bada" esaldia erabili dugu, eta hori babesarekin eta zaintzarekin dago lotuta; hori da pelikularen mezua.
Alde batetik, ahozko tradizioari esker guregana heldu zaizkigun mito horien guztien babesa irudikatzen du "Irati"k, baina inspirazio iturri ere izan liteke beste batzuentzat, kate honek jarraipena izan dezan.
Bestalde, euskal mitologiako izaki hauek guztiak naturan erabat errotuta daude, eta natura hori errespetatzeko deia ere izan nahi du "Irati"k. Naturari izena, izaera eta garrantzia ematen badizkiogu, mantendu egingo dugu.
Gainera, Erdi Aroan kokatuta izanik, erlijio monoteista globalizatzaileek mundua ikusteko forma ezberdinak nola ezabatu dituzten ere erakusten du filmak: deskribatzeko forma ezberdinak, hizkuntza ezberdinak, kolore ezberdinak…
Mugimendu handiek kolore printza horiek xurgatu eta sinkretizatzen dituzte, eta "Irati" oda bat da askatasunez pentsatzeko eta bizitzeko mugimendu horientzat.
Zaharrak berri, beraz…
Ni katebegi txiki bat naiz, txikitatik jasotako liburu horiek edota gaur egun Su Ta Gar taldearen "Mari" abestiak osatzen duten segidan. Euskaldun askok jarri dute bere aletxoa, eta "Irati" da neurea.
Gustatuko litzaidake hemendik aurrera ere jende gehiagok, "Irati"k inspiratuta, kate horren katebegi gehiago ezartzea, luze-luzea eta betierekoa izan dadin.
Baduzu beste proiekturik esku artean?
Banabil. Oraindik ezin dut zehatz-mehatz esan zer den, baina ildo beretik doa. Gure kulturaren folkloreko elementuak erabiliz fantasia egiten jarraituko dut, hori baita oraingoz nire hautua. Kitzikatu egiten nau, eta asko maite dut.
Zer etorkizun opa diozu "Irati" filmari?
Gustatuko litzaidake jendea aroetara joatea, pelikula pantaila handian ikustera. Ahalik eta pelikularik epikoena egiten saiatu gara: anamorfikoan grabatu, panoramikoan, soinua asko zaindu dugu… Eta nahiko nuke jendeak zineman aspalditik sentitu ez duen zirrara sentitzea.
Aretoetatik irtendakoan "Irati" publikoaren bihotzetan sar dadila eta etxera eraman dezala, hausnarketa eta emoziorako bazka gisa. Publikoak bere egin dezala betiko.