Zinema
Hilaren 26ra arte
Berlinale gaur abiatuko da, "20.000 especies de abejas" Sail Ofizialean dela
N. V. | EITB Media
Berlingo zinema jaialdiaren 73. edizioa ostegunarekin hasiko da. 19 pelikula izango dira lehian aurten Urrezko eta Zilarrezko Hartzen bila, tartean Estibaliz Urresola laudioar zuzendariaren lehen film luzea.
-
Dena prest Berlinen, zinema jaialdia hartzeko. Argazkia: Efe.
Alfonbra gorriak zabalduta, proiektoreak doituta eta Urrezko eta Zilarrezko Hartzak esperoan dituzte jada Berlinen: Alemaniako hiriburuko zinema jaialdia gaur, ostegunarekin, hasi, eta hilaren 26ra arte ospatuko da.
Aurtengo Sail Ofizialean, hemeretzi film egongo dira, iaz Carla Simon katalan zinemagileak "Alcarrás" film dirdiratsuarekin lortu zuen balentria, film onenaren Urrezko Hartza lortzea, berdintzeko.
Film horietako bat, hain zuzen ere, "20.000 especies de abejas" Estibaliz Urresola laudioarraren lehen film luzea izango da. Hilaren 22an aurkeztuko du Berlinale Palast auditorioan ume baten eraldaketa prozesua eta berorrek familia oso baten barruan dituen eraginak kontatzen dituen filma. Sofia Otero, Patricia López Arnaiz, Ane Gabarain eta Itziar Lazkano dira filmeko aktore nagusiak.
Epaimahaiaren burua Kristen Stewart aktorea izango da, eta Ohorezko Hartza Steven Spielberg estatubatuar zuzendariak jasoko du.
Berlinaleren 73. edizioa "She came to me" Rebecca Miller zuzendari estatubatuarraren komedia erromantikoa izango da, lehiatik kanpo.
Lehian, Urresolaren pelikulaz gain, Philippe Garrel, Margarethe von Trotta eta Christian Petzold zuzendarien lan berriak izango dira, eta Urrezko Hartza lortzeko hautagai izango dira, halaber, Adrien Brody protagonista duen "Manodrome", "Suzume" eta "Art College 1994" animaziozko pelikulak eta Blackberry telefono enpresaren historia kontatzen duen Matt Johnsonen pelikula berria.
Lehiaketaz kanpo, Sean Penn zuzendariak Ukrainan filmatu duen "Superpower" dokumentala ikusi ahalko da, baita "Golda" pelikula ere, zeinetan Helen Mirren aktoreak Golda Meir Israelgo lehen ministroarena egiten baitu.
Euskal zinema gehiago
Bestalde, Encounter film "ausart eta berritzaileak" aukeratu eta aurkezten dituen sailean, "Samsara" filma erakutsiko da, Lois Patiñok zuzendutako eta Señor y Señora donostiar etxeak ekoitzitako film luzea. Zuzendariak heriotzari buruzko hausnarketa egiten du pelikula horretan, budismoaren ikuspegitik.
Halaber, Berlinale Talents zuzendari berriak, ekoizleak eta industriako bestelako kideak harremanetan jartzen dituen atalean, bi euskal zinemagilek hartuko dute parte: Mikel Gurrea eta Maddi Barber.
Zinemaldiarekin paraleloan, Berlin Critic's Week egingo dute, kritikarien astean, eta "Mision a Marte" Amat Vallmajor del Pozoren lehen film luzea ikusi ahalko da. Hertzaineken kantuek bilduta, Txominen istorioa aurkezten digu: langabezian dagoen euskal arkeologoa da, eta Marteko peritu baten enkargua jaso du. Gene anaia gidari duela, Eibartik abiatu dira, Espainiako iparraldean barrena.