Itxi

Zinema

Palmaresa

"Todas mis cicatrices se desvanecen en el viento" kolonbiarra, Zinebin nagusi

N. V. | EITB Media

Zinebi Sari Nagusia irabazi du Angelica Restrepok eta Carlos Velandiak zuzendutako film laburrak. "Wild Flowers" Euskal Herrian ekoitzi eta Karla Crncevic kroaziar zinemagileak zuzendutako film laburrak irabazi du, bestalde, Euskal Zinemaren Sari Handia.

  • "Todas mis cicatrices se desvanecen en el viento"

    "Todas mis cicatrices se desvanecen en el viento"

Todas mis cicatrices se desvanecen en el viento animazioko film laburrak (2022, Kolonbia) lortu du Zinebi Film Dokumentalen eta Film Laburren Bilboko Nazioarteko Jaialdiaren 64. edizioko sari nagusia.

Epaimahaiak hau nabarmendu du Angelica Restrepo eta Carlos Velandiaren filmari buruz: "Ikusleari uzten dio bidaiatzen denboran zehar, espazioan zehar eta oroimeneko paisaietako soinuan zehar, eta oroitzapen mingarrien artean gidatzen gaitu, zeintzuk, denborarekin, aienatuz joaten baitira".

Sail Ofizialaren barruan, Wild Flowersek (Karla Crncevic, 2022) Euskal Film Laburrik Onenaren Sari Handia irabazi du, eta Espainiar Film Laburrik Onenaren Saria Olores dokumentalarentzat izan da (Alba Esquinas, 2022).

Fikziozko film laburrik onenaren Mikeldi saria Backflip (Nikita Diakur, 2022) koprodukzio frantziar-alemaniarrari eman diote; animazioko film laburrik onenaren Mikeldi saria Searching Heleny espainiar-brasildar pelikulari, eta film dokumental labur onenaren Mikeldi saria Balls serbiar-esloveniar koprodukzioarentzat.

Sail Ofizialeko saririk oparoena (12.000 euro), ZIFF - ZINEBI FIRST FILM Nazioarteko Lehiaketako opera primarik onenari ematen zaiona, aurten Anhell69 filmari eman diote, beste kolonbiar film bati.

Publikoaren EiTB Saria, 3.000 euroz hornitua, Esther Vital Garcíaren Searching Heleny (Cadê Heleny)rentzat izan da.

Jaialdiaren amaiera gala arratsaldean izango da, 19:30etik aurrera, Arriaga antzokian, eta Albert Serra zuzendariak Ohorezko Mikeldi saria jasoko du bertan.