Zinema
Elkarrizketa
"Los Xeyk oinarri musikal klasiko indartsua zuten, eta herri musika ere maisuki menperatzen zuten"
Natxo Velez | EITB Media
Eneko Olasagastik eta David Berraondok "Los Xey, una historia de película" dokumentala estreinatuko dute bihar Donostian, 1940ko eta 1950eko hamarkadetan arrakasta handia izan zuen donostiar taldeari buruzko lana.
-
Los Xey, Argentinan, 1947an
Seminci Valladolideko zinema jaialditik igaro berritan (asteburu honetan aurkeztu dute pelikula), Eneko Olasagasti eta David Berrando zinemagileek Los Xey, una historia de película dokumentalaren aurrestreinaldia egingo dute asteartean, urriak 25, Victoria Eugenia antzokian (19:00) eta asteazkenean, urriak 26, Errenterian.
Azaroaren 4an iritsiko da zinema aretoetara 1940an sortu zenetik 1961ean desegin zen arte munduan sona handia hartu zuen donostiar ahots taldearen historia laburbiltzen duen lana, EITBren parte-hartzea duena.
Olasagastik eta Berraondorekin hitz egin dugu.
Nondik sortu zen "Los Xey" eraikitzeko hazia? Zer ezaugarri jakinek eman zizun arreta pelikula sortzea erabakitzeko?
Eneko: Ni 1960koa naiz, eta Los Xey irratiz entzuten pasatu nuen haurtzaro osoa: bere kantuak nire motxila musikalean zeuden, jabetzen ez banintzen ere. Egun batean, Golden Apple Quarteteko Loyola Garmendia eta Xabier Zabala soinujolea topatu nituen, eta kontatu zidaten Los Xeyri buruzko ikuskizun-omenaldi bat prestatzekotan zirela, eta hainbat kontu esan zizkidaten beraien biografia bitxiaz.
Harrigarriak iruditu zitzaizkidan, parerik gabeak, euskal musikaren historian, eta David Berraondori deitu nion istorio horren atzean dokumental bat egon zitekeela esateko. Nire harridurarako, Los Xeyko kideetako bat, Txiki Lahuerta, bere osaba zela esan zidan.
Hor piztu zen txinparta eta honaino ekarri gaitu suak.
Eneko Olasagasti
Nolakoa izan da gonbidatuak aukeratzeko lana eta taldearen dokumentazioa jasotzeko bidea?
Eneko: Bada, ez da erraza izan apenas geratzen zelako beraien garaikiderik; eta zeuden bakanak elkarrizketa egin baino lehenago hil ziren, denok ezagutzen ditugun arrazoiengatik asko luzatu den ekoizpen prozesuan. Hurrengo belaunaldira jo genuen orduan: seme-alabak eta ilobak.
Horiez gain, adituak bilatu genituen, garai hartaz eta garai hartako musikaz mintzatuko zitzaizkigunak. Los Xeyren ibilbidea berregiten saiatu gara, eta adituak biltzera eraman gaitu lan horrek: Euskal Herria, Madril, Bartzelona, Buenos Aires, Mexiko Hiri eta Habanakoak.
Azkenik, Golden Apple Quarteten laguntza izan dugu Los Xeyri egindako omenaldiko hainbat kantaren bidez.
David: Taldearen dokumentazio artistiko eta pertsonalari dagokionez, argazki gutxi batzuekin hasi genuen proiektua, baina laster agertu zen oroitzapenen kutxa bat, Pepito Yanciren familiak Lesakan gordetzen zuen dokumentazio ugariarekin.
Hilabete batzuk geroago, dokumentazio hori Txomin Arrasateren alabek Mexikon gordetzen zuten maleta batekin zabaldu zen.
Diskografia ez da arazoa izan Eresbilek diskografia asko baititu katalogatuta, eta hasieratik izan baitugu proiektuari laguntzen.
Material hori ikusi eta gero jaso duzun ezagutzatik, zerk egiten zuen berezi Los Xey taldea? Zeri zor zaio 1940ko eta 1950eko hamarkadetan jaso zuten arrakasta?
Eneko: Hainbat arrazoik egin zuten bat arrakastaren bidean. Hasteko, batetik, oso oinarri musikal klasiko indartsua zuten, heziketa ona jasotakoak ziren. Eta bestetik, maisuki menperatzen zuten herri musika ere. Esate baterako, oso gertukoa zuten elkarte gastronomikoetan musikaren eta umorearen artean egoten ziren nahasketak.
Horrek guztiak ahotsak bikain enpastatzeko aukera eskaintzen zien, tonu berezi eta oso pertsonala sortzeko. Nortasun berezia zuten kantuan, eta horri gehitu beharko genioke edozein musika eta estilo bere egiteko zuten aparteko gaitasuna.
Gainera, eszenarako eta umorerako joera zuten, edozeinek ulertzeko moduko umore txurirako joera. Eta hori oso garrantzitsua zen zentsura garai haietan.
Los Xey, Mexikon
Nola iritsi ziren jatorri errepublikanoko gazte horiek arrakastara Donostiatik, frankismoaren hasierako Espainian? Nolako harremana izan zuten Ameriketara erbesteratuekin?
Eneko: Batetik, inportantea da azpimarratzea Elizak jokatu zuen papera galtzaile errepublikanoak, gure protagonistak tarteko, gizarteratzeko. Schola Cantorum eta horrelako beste abesbatza batzuk sortu zituzten, eta bertan sartu ziren Los Xeyren lehen sortzaileak. Eliz kantuek osatzen zuten errepertorio nagusia, baina laster hasiko ziren beren kabuz errepertorio laikoa egiten. Aldaketa dezente bizi izan zituzten, eta bizpahiru urte pasako ziren behin betiko osaketa lortu arte.
Erbesteratuekin, bai euskaldunekin eta baita espainiar errepublikanoekin ere, harreman zuzen eta estuak izan zituzten herrialde guztietan, baina batez ere Argentinan, Mexikon eta Kuban, baita New Yorken ere. Batez ere, Euskal Etxeekin. Ongi etorriak, omenaldiak eta despedidak bata bestearen atzetik zihoazen.
Erbesteratuentzat haize freskoa ziren, eta askatasunez eta euskaraz kantatzeko aukera ezin hobea ere gure kantarientzat.
Zein kantu entzun behar ditu Los Xeyren lanera gerturatu nahi duenak?
Eneko: Bere errepertorioa hirurehun kantuk baino gehiagok osatzen dute. Jendea harrituko da, konturatzean hainbat kantu errepertorio horren parte direla, haiek egin zituztela ezagun.
Haien izpiritua umorearen sailean islatzen duen kantu bat "La Señora Baronesa" izan daiteke. Euskal klasikoak ere hor daude: Brahmsen Seaska kantatik hasita, "Maitetxu mía", "Maite" eta beste hainbat.
"El menú" eta "Oh, Pepita" izan ziren beren kanta arrakastatsuenekoak; gero, "Cielito lindo", "Alma, corazón y vida", "De mil amores", "Me lo dijo Adela", "La paloma" eta abar.
Bitxikerien artean aipatzeko, ez lirudikeen arren, beraiek egin zituzten ezagun eta herrikoi "La vaca lechera" eta "Si vas a Calatayud".
Semincitik pasatu berritan, zer bide egingo du pelikulak Donostiako aurkezpenetik aurrera?
David Berraondo
David: Filma Donostian aurkeztuko da, Victoria Eugenia antzokian egingo den estreinaldian. Ondoren Ollagorra Elkarteak antolatuta, Los Xeyri omenaldia egingo zaio, eta senideei oroigarri bat oparituko zaie.
Azaroaren 4an estreinatuko da Donostiako, Bilboko, Gasteizko eta Logroñoko zinema aretoetan, eta Iruñearen erantzunaren zain gaude.
Ondoren, Madril eta Bartzelonara, hiriburu handietara, joango da, eta beste hiriburu batzuetan jarraituko du lortutako emaitzen arabera.
Jaialdiei dagokienez, Latinoamerikako zirkuitua da helburu nagusia, eta Habanako Zinema Iberoamerikarraren Jaialdiaren aukeraketaren zain gaude.
Datorren urterako, 60 minutuko bertsio bat zabalduko dute EITBn eta La 2eko "Imprescindibles" programan.