Zinema
Donostian eta Gasteizen
Euskal Emakume Zinemagileak zikloak bederatzi film erakutsiko ditu urri eta abendu bitartean
EITB Media
Euskadiko Filmategiak antolatzen duen zikloaren bigarren denboraldia Gasteizera eta Donostiara iritsiko da.
-
"Carmen y Lola" filmak irekiko du zikloa
Euskal Emakume Zinemagileak zikloaren bigarren denboraldiak bederatzi film programatu ditu urria eta abendua bitarte, euskal emakumezko zuzendarien lanak eta talentua nabarmentzeko asmoz. Egileak Gasteizen eta Donostian egingo diren saioetan egongo dira, Bilboko Arte Ederren Museoko saioak aldi baterako eten baitira, bertan egiten ari diren lanak direla eta.
Zikloa 'Carmen y Lola' (Arantxa Echeverria, 2018) filmarekin hasiko da, zuzendari berri onenaren Goya saria irabazi zuen pelikulagatik. Halaber, 'Mujeres en pie de guerra' (Susana Koska, 2004) eta 'La higuera de los bastardos' (Ana Murugarren, 2017) filmek Espainiako Gerra Zibilerako bidaia proposatuko dute.
Bestalde, Ione Hernandezek '1% esquizofrenia' (2006) dokumentala aurkeztuko du, gaixotasun mental horren inguruko aurreiritziak ezabatu nahi dituen lana. Era berean, Esther Pérez de Eulatek harreman publikoentzat kaleak agertoki gisa duen balioa aldarrikatzen du 'Poética Pública PLAZA' lanean (2010).
Halaber, Etiopiara joango den euskal misiolari baten eta bere alabari etorkizun hobea eskaintzeko Euskal Herrira etorriko den gazte etiopiar baten bizitzak biltzen ditu 'Toda la vida del mundo' (Nuria Ruiz Cabestany, 2010) filmak, eta Maru Soloresek lehen haurtzaroari eta, batez ere, amatasunari erreparatzen dio 'Aztarnak' filmean (2021).
'Andereak' film luzeak (Yolanda Mazkiaran, 2020) Mariren pertsonaia mitologikoari buruzko galderak egiten ditu orainalditik, eta Amaia eta Aitor Merino anai-arrebek adiskidetasun baten istorioa dokumentatu dute 'Asier ETA biok' (2013) filmean.