Zinema
Film laburrak
Korterrazak 47 proiekzio egingo ditu Gasteizen eta Araba osoan
N. V. | EITB Media
Gasteizen, jaialdia uztailaren 7tik 9ra egingo dute, eta kontzertuak ere izango dira: Eli Paperboy Reed eta Harlem Gospel Travelers, Niña Coyote eta Chico Tornado, Germán Salto, Rambalaya, Mice eta Arenna. "Berak baleki"k irabazi du Bertako Igogailuak-Euskera Saria.
-
"Berak baleki" Aitor Gametxoren film laburrak irabazi du jada Korterrazako lehen saria
Korterraza poltsa bete film labur dator beste behin ere: lehiaketaren 13. edizioa izango da Gasteizen, eta zortzigarrena Araba osora zabaltzen hasi zenetik. Guztira, 47 proiekzio eskainiko ditu uztailaren 2tik aurrera Arabako 39 herritan, eta herritar guztientzako sarrera librea izango dute.
Gasteizen, uztailaren 7tik 9ra izango da Korterraza, Artium Museoan, eta hiru proiekzio jardunaldi eta sei talderen kontzertuak prestatu dituzte: Eli Paperboy Reed eta Harlem Gospel Travelers, Niña Coyote eta Chico Tornado, Germán Salto, Rambalaya, Mice eta Arenna.
Araban mailan, uztailaren 2tik irailera bitartean egingo dute Korterraza, eta hona iritsiko da: Langarika, Zurbao, Agurain, Burgelu, Aramaio, Dulantzi, Agurain, Artziniega, Okondo, Trebiñu, Ondategi, Araia, Leciñana, Legutio, Izarra, Oroko Santutegia, Estavillo, Argantzon, Gurendes, Maeztu, Urizaharra, Durruma, Ozio, Lanteno, Bastida, Berantevilla, Gesaltza Añana, Zuhatzu Kuartango, Etura, Uribarri Jauregi, Bastida, Gebara, Corro, Narbaxa, Larrazubi, Zabalate, Markiz eta Erentxun.
Gasteiz
Proiekzioei dagokienez, Gasteizen hiru saio egingo dituzte aire zabalean, uztailaren 7, 8 eta 9an, doan eta publiko guztiarentzat irekia.
42 film labur ikusi ahalko dira, guztira jasotako 987 lanetatik aukeratuta, bost ataletan sailkatuta: Ofiziala, Erakusgai, Komedia, Txiki eta Sentsibiliza.
Arabako Film Laburraren Egunean, esaterako, Juanma Bajo Ulloaren, Aitor De Kintanaren, David Pérez Sañudoren, Beatriz De Silvaren, Imanol Ortiz Lopezen, Maider Oleagaren eta Gorka Aguinagalde eta Xabi Vitoriaren filmak ikusi ahalko dira.
Bestalde, Korterrazaren aurtengo edizioaren lehen saria iragarri dute antolatzaileek: Berak baleki Aitor Gametxoren lanak Bertako Igogailuak - Euskera Saria irabazi du, euskaraz egindako film laburrik onenarentzako saria.
Korterrazak, halaber, atal Ofizial eta Komedia ataletako irabazleak hautatuko dituen epaimahaia aurkeztu du: Paul Urkijo, Ylenia Baglietto eta Edorta Lamo izango dira epaimahaikideak.