Itxi

Zinema

Zinema jaialdiak

'Unicorn Wars' eta 'Los demonios de barro' euskal filmak, Annecyko Zinemaldiaren Sail Ofizialean

N. V. | EITB Media

Animazioaren industriako munduko jaialdirik garrantzitsuena Frantziako hiri horretan egiten da, eta aurtengoa gaur hasiko da, astelehenarekin.

  • "Unicorn Wars"

    "Unicorn Wars"

Annecyko (Frantzia) zinema jaialdia astelehenean, ekainak 13, hasiko da, eta 'Unicorn Wars' eta 'Los demonio de barro' euskal filmak bertako, animaziozko zinemaren munduko jaialdi garrantzitsueneko, Sail Ofizialean lehiatuko dira.

Bi lanon mundu mailako estreinaldia izango da, gainera, Basque Audiovisualek jakinarazi duenez.

'Unicorn Wars' filma Alberto Vazquez galiziarrak zuzendu du, eta Uniko bilbotar ekoiztetxea da produktoreetako bat. Hartzen eta adarbakarren arteko antzinako gerra kontatzen du, eta bi protagonistek (Azulin eta Gordi anaiak) amaren maitasuna bereganatzeko bizi duten barne gatazkan ere sakontzen du EITBren parte-hartzea duen lanak.

Bestalde, Nuno Beato zuzendari portugaldarraren 'Los demonios de barro' filma Sardinha Em Lata, Marmita Film, Caretos Film eta Bilboko Basque Films ekoiztetxeen nazioarteko produkzioa da. Rosaren istorioa kontatzen du. Neska langile eta aditua da, eta bere enpresan rol oso garrantzitsua du, baina bizitza aldatu egiten zaio bere senide bakarra den aitona hil ondoren. Protagonistak dena alde batera uztea erabakitzen du eta hark egindako akatsak desegiten saiatzen da.

Uniko ekoiztetxe bilbotarrak Pablo Polledrik zuzendutako 'Loop' film laburra ere erakutsiko du Frantziako jaialdian.

Sail Ofizialetik kanpo, 'El sueño de la Sultana' Isabel Herguerak EITBren parte-hartzearekin zuzendu duen proiektua ere aurkeztuko du Unikok Annecyn, baita 'Nora y la dama de Anboto' proiektua ere.

Halaber, Dibulitoon ekoiztetxeak ekoizpen fasean dagoen 'Yokoren oporrak' ETBren parte-hartzea duen filmari buruzko materiala eskainiko du Annecyn, finantzazio bila. Helburu berarekin izango dira bertan Laura Martelek idatzitako eleberri grafiko batean oinarrituta dagoen 'Winnipeg, el barco de la esperanza' filmaren arduradunak eta 'Black is Beltza II: Ainhoa' Fermin Muguruzaren pelikularen (ETBren parte-hartzea du horrek ere) egile eta ekoizleak ere.