Zinema
Film laburrak
Kimuak katalogoak zehaztu du 2022ko uzta
N. V. | EITB Media
Irati Gorostidi, Estibaliz Urresola, Maider Fernandez, Ainhoa Olaso eta Enara Garcia, Lur Olaizola, Maider Oleaga eta Aitzol Saratxaga zinemagileen lanak aukeratu dituzte sustatu eta zabaltzeko.
-
"Cuerdas" Estibaliz Urresolaren filma da aukeratuetako bat
Aukeratu dituzte jada Kimuak programaren 2022ko edizioa osatuko duten film laburrak: Contadores, Irati Gorostidirena; Cuerdas, Estibaliz Urresolarena; Fe, Maider Fernandezena; Hemen bizi da maitasuna, Ainhoa Olaso eta Enara Garciarena; Hirugarren koadernoa, Lur Olaizolarena; Irrits, Maider Oleagarena; eta Lanbroa, Aitzol Saratxagarena.
Zazpi film horiek aukeratu dituzte epaimahaia osatu dutenek: María del Puy Alvarado ekoizlea, gidoilaria eta irakaslea, Malvalanda ekoizpen etxearen sortzailea; Alejandro Díaz Castaño, FICX Gijongo Nazioarteko Zinema Jaialdiko zuzendaria; Vanesa Fernández ZINEBI Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko zuzendaria; Iñaki Lazkano –Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) irakaslea eta ikertzailea; eta Javier Ocaña zinema kritikaria eta idazlea.
75 proposamenetatik zazpi hautatu dituzte Eusko Jaurlaritzak Etxepare Euskal Institutuaren bitartez antolatzen duen eta Zineuskadi elkarteak kudeatzen duen ekimenerako. "Euskal film laburrak sustatzea eta zabaltzea" du xede Kimuakek.
Katalogo berriak fikzioa eta dokumentala jasotzen ditu. Filmetako hiru euskara hutsean eginak daude eta lau gaztelaniaz, eta zazpi laburretatik sei emakumezkoek zuzendu eta ekoitzi dituzte.