Zinema
Fantasiazko zinema
Familia osoari zuzendutako kultur eta aisia jarduerak, FANTen
'I love clicks' erakusketa eta 'Izaki FANTastikoak' bisita-tailerrak osatuko dute, besteak beste, 18. edizioko egitaraua.
-
'I love clicks' erakusketako kartel bat. Argazkia: iloveclicks.es
Bilboko Zinemaldi Fantastikoa, FANT, maiatzaren 4an abiatuko da, kalitatezko zinema programazio erakargarri eta zabalarekin. 18. ekitaldi hau ez da bakarrik zinema mota honen zaleei zuzenduta egongo, eta genero fantastikora lehen aldiz hurbildu nahi dutenek aukera izango dute. Zinema programazioa osatzeko, familia osoari zuzendutako zenbait kultur eta aisia jarduera antolatu dituzte.
Bilboko Artelan Berreginen Museoak Izaki FANTastikoak bisita-tailerren programa eskainiko du maiatzaren 5ean, 8 eta 12 urte arteko umeei zuzenduta.
Programa berezia denez, aurretik erreserba egin beharko da, Museoko Hezkuntza Zerbitzuaren telefono zenbakian: 944150231. Gehienez ere 14 umek parte hartuko dute, betiere heldu batek lagunduta. Bisita-tailerrak 3 euro balioko du haur bakoitzeko.
Bestalde, Playmobileko panpinatxo ezagunak protagonista dituzten filmen 35 kartelez osatutako I love clicks erakusketa maiatzaren 15era arte bisitatu ahal izango da Burtsako Udaltegian, eta Abando hotelean, ART kafetegi-tabernan eta Domenicos jatetxean, FANT 18ren laguntzaile berezietan.
Bertsio horiek egiteko ideia Mauro Solbes eta Aarón Mira valentziarrena izan da. Playmobilen klik batzuk mairuen eta kristauen arropez janzten hasi ziren, eta, azkenean, mota guztietako pertsonaien gisara mozorrotu dituzte euren iloveclicks.es webgunerako.