Itxi

Zinema

Mendebaldeko Saharako zinema eskolak Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldiaren saria jaso du

Abidin Kais Saleh Mendebaldeko Saharako eskola duela hamar urte jarri zuten abian, sahararrek beren istorioak konta ahal izan zitzaten.

  • Abidin Kaid Saleh, Lafdal Mohamed Salem, Eneko Goia, Brahim Chagaf, Ahmed Moh Lamin. (Iñigo Royo)

    Abidin Kaid Saleh, Lafdal Mohamed Salem, Eneko Goia, Brahim Chagaf, Ahmed Moh Lamin. (Iñigo Royo)

E.F.A. Abidin Kaid Saleh Mendebaldeko Saharako Ikus-entzunezko Prestakuntza Eskolak Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren 19. edizioko saria jaso du gaur, ostegunarekin, hamar urtean saharar zinemagileak hezten egindako lanak erraztu baitu Saharako herritarrek beren historia, kultura eta 1975etik deserrira kondenatu dituen gatazka pantailetara eramatea.

Brahim Chagaf eskolako zuzendariak jaso du saria Eneko Goia Donostiako alkatearen eskutik, Victoria Eugenia Gipuzkoako hiriburuko antzokian gaur eguerdian egindako ekitaldi batean.

Chagafek "benetako esker ona" erakutsi du eskolaren lana azpimarratzen duen sari honengatik, eta gogora ekarri du ikastegia sortu zutenean "erokeria handitzat" ikusi zutela, zinemagintzan eta ikus-entzunezkoak ekoizten jardun nahi baitzuten medikamenturik ere ez zeuden errefuxiatu eremu horietan.

Halaber, Chagafek adierazi du zentroa "modan ez dauden errefuxiatu batzuen ahotsa" dela, eta azaldu du "asmo politikoa" duela ezinbestean, gatazka politiko baten ondorioz sortu den errealitate bat erakusten saiatzen den heinean.  

"Saharari buruz hitz egiten duenak politikaz hitz egiten du nahitaez, konponbide politikoa eskatzen duen gatazka politikoa baita", esan du Chagrafek, eta erantsi du eskolako ikasleek erakusten duten errefuxiatu eremuetako egunerokotasuna ere politika dela, pertsona horiek gatazka politiko baten ondorioz jarraitzen baitute desertuan kanpatuta.

Eskolaren ordezkariei garaikurra emateko ekitaldi ofiziala ostiralean izango da, 20:00etatik aurrera, Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldiaren itxiera galan.

Ostiralean bertan, gonbidapena jasotzen dutenek Victoria Eugenian ikusgai izango dituzte 17:00etatik aurrera 'El precio de la belleza' eta 'Buscando a Tirfas' Ahmed Moh Lamin eta Lafdal Mohamed Salem eskolako ikasleen egindako film laburrak.