Itxi

Zinema

Elkarrizketa

"Bizitzeko eta arriskatzeko gogoa pizten duen pelikula itxaropentsua da 'La cima'"

Natxo Velez | EITB Media

Ostiral honetan iritsiko da zinema aretoetara Ibon Cormenzanaren pelikula berria, Patricia López Arnaiz eta Javier Rey protagonista dituena.

  • Ibon Cormenzana "La cima"ren zuzendaria

    Ibon Cormenzana "La cima"ren zuzendaria

Gaur iritsiko da Hegoaldeko zinema aretoetara "La cima", Ibon Cormenzana bizkaitar ekoizle eta zuzendariak azken lantegi horretan egindako laugarren film luzea. Patricia Lopez Arnaiz ("Ane") gasteiztarra eta Javier Rey protagonista dituen istorioa Himalaian dago kokatuta, bertan egingo dute bat Ioneren eta Mateoren bideek.

Ione pertsonaiak, Edurne Pasaban gipuzkoar alpinistaren figuran oinarrituta, hamalau zortzimilakoak igo eta gero sentitzen duen hutsunea kudeatzen saiatzen ari da aterpe batean, jendearengandik aldenduta. Mateok, bestalde, antzinako promesa bat bete nahi du.

EITBren parte-hartzea duen filmean, istripu batek Ione eta Mateo elkartuko ditu, eta orduan ikusiko da kolektiboaz haraindi salbatzerik, gailur zilegirik zapaltzerik, baden.

Non jaio zen "La cima"?

"La cima"ren jatorria da azaltzea ahaleginak eta bi egin eta gero gailurra zapaltzean edukitzen den sentsazioa. Lehenik eta behin ezer ez zarela sentitzea, inguruan hamaika mendi baina inor ez duzula, eta bizitzarekin lotuta dena osatzen ari garen sentipen hori. Zaila da hitzez azaltzen, eta irudien bidez saiatzea pentsatu nuen.

Krisi handiak eta galerak gainditzeko prozesua ere asko interesatzen zait gai moduan. Alpinistek borroka metaforikoa ere egiten dute gailurrera bidean: batzuetan iritsi egiten dira, batzuetan ez dute sekula lortzen eta beste batzuetan hil egiten dira bidean.

Mateo eta Ione bizitzarekin berriz bat egiteko igo behar dira Annapurnara.

'La cima'

'La cima'

Argumentua zuri otu zitzaizun, eta zuk zuzendu duzu filma, baina Nerea Castrorekin lan egin duzu gidoia idazteko orduan. Zeren bila? Nolakoa da norberaren ideia pertsonal bat besteei irekitzeko prozesua? Zer tentsio sortzen dira eta nola kudeatzen dira?

Nerearengan bilatzen nuen bi pertsonaia horiei nortasuna ematea, oso gutxirekin eta oso gutxi hitz eginez hunkitzeko eta komunikatzeko ahalmen handia izatea. Bera ere erakartzen zuten mendizaletasunak eta alpinismoaren mistikak, eta berehala etorri ginen bat. Argi izan nuen pertsonaiak ondo zainduko zituela idazteko lanean.

Kostatzen da ideia bat irekitzea. Berez, gizaki bakoitzak modu ezberdin batean irudikatzen du istorio bera. Biok aseko gintuen eremu batean bat egiteko giltza asko hitz egitea, ideia berrietara irekita egotea eta alpinistek mendian duten bezalako adiskidetasuna erakustea da.

Zuzendari gisa, kolaborazio horretatik ateratzen den gidoian % 100ean sinetsi behar duzu eta gogo biziz landu ahalik eta bizitza onena emateko.

Patricia López Arnaizek eta Javier Reyk zama handia dute pelikulan, erabat baita beraiengan oinarrituta. Zer behar zuten biek, zergatik aukeratu zenituen eta zer eman diote pelikulari zure ustez?

Patriciarengan euskal matriarka bat bilatzen nuen: itxuraz gogorra izanik ere, sentiberatasun handia duen norbait. Horrela ikusten dut nire ama, eta horrela ikusi nuen Patricia urte batzuk lehenago ere, "Alegría tristeza" pelikulan laburki elkar ezagutu genuenean.

Patricia López Arnaiz

Patricia López Arnaiz

Javirengan bilatzen nuena zen bizitzarako argia eta gogoa emango zidan norbait, gaizki pasatu badu ere. Haren eromena gorroto baduzu ere, berarekin bat egitera behartzen zaituen norbait. Gidoia bukatutakoan, berehala pentsatu nuen berarengan.

Biok ere egiantzekotasun handia eman didate, konpromiso erabatekoa izan dute pelikularekin eta oso pozik nago abentura hau beraiekin egin izanaz.

Oso pertsona baikorrak dira gainera, eta oso energia ona eragin dute pelikularen lantaldean.

Pelikula ikusita, argi dago filmatzea ez zela erraza izango.

Hotz handia egon zen, -17 °C, eta haizete handiak, eta Filomena ekaitza, eta mendia egun batzuez gorritu zigun Saharako euria, covid-aren erruz errodajea egun batzuetan gelditu behar izan genuen…

Alpinismoarena bezalako mundu espezializatua modu sinesgarrian irudikatzeko, dokumentazio eta aholkularitza lan handia egongo zen, ezta? Nola landu duzue arlo hori eta zer garrantzi eman diozue?

Alpinismoari buruzko liburu asko irakurri eta dokumental asko ikusi ditut. Gainera, Jordi Tosasek gurekin lan egin zuen Javi eta Patriciaren gorputza eta burua prestatzen, benetako alpinistak bezala ibil zitezen eta haiek bezala har zezaten arnasa, baita gailurraren bilaketa mistiko horretara gerturatzeko ere.

'La cima' filmatzeko lanak

'La cima' filmatzeko lanak

Hainbat unetan, pelikulak kolektibotasunaren indarra azpimarratzen du hutsune existentzial indibidualaren eta isolamenduaren aurrean. Badago erredentzio indibidualerako tarterik? Pelikula itxaropentsua delakoan zaude?

Pelikula itxaropentsua dela uste dut, bizitzeko eta arriskatzeko gogoa pizten duen heinean, geldirik egoteko, bizirik gaudela hilda egoteko, joeraren aurka, baldintzak gorabehera. Bizitza bakarra dugu; bertan izan behar badugu, bizi dezagun, trabak izango ditugun jakin arren.

Gailurrera igo eta jaisteak primeran erakusten du jarrera hori.

"La cima"ren ikusleak zinema aretotik zer eramatea gustatuko litzaizuke?

Mendi buelta bat egiteko gogoa, gustatuko litzaidake zaratatik, hiritik eta teknologiatik at zer den aintzat hartzea. Eta gero bere burua hobeto hartzeko ahalmena handitzea ordura arte sekula igo ez duen mendia igo duelako, eta bidaia hori besteekin partekatzea eta ilunabar bat ikustean jakitea zein zoriontsuak garen bizirik gaudelako eta ikusteko aukera dugulako.

'La cima'

'La cima'

"Culpa" maiatzean estreinatuko den film luzea ere filmatu duzu, ia batera. Zer konta diezagukezu berari buruz?

Familiartean maitasun, konpromiso eta pasio handiz egindako pelikula da. Genero indarkeria jorratzen du, eta emakume batentzat zer zaila den komunikatzea eta trauma hori gainditzea.

Manuela Vellesek ahalegin handia egin du paper horretan, eta zoragarri dago.