Itxi

Zinema

Elkarrizketa

Arantza Santesteban: "Kulturak balio behar du bazter guztiak aztoratzeko eta dena hankaz gora jartzeko"

Natxo Velez | EITB Media

Arantza Santestebanek "918 gau" filma aurkeztuko du martxoaren 17an Punto de Vista zinema dokumentalaren Iruñeko jaialdian, Lisboan, Turinen eta Pontevedran sariak jaso eta gero.

  • Arantza Santesteban, "918 gau" filmeko zuzendaria. Argazkia: Gorka Beunza.

    Arantza Santesteban, "918 gau" filmeko zuzendaria. Argazkia: Gorka Beunza.

2007ko urriaren 4an, Espainiako Poliziak Arantza Santesteban (Iruñea, 1979) eta beste 22 pertsona atxilotu zituen Seguran, Batasuna alderdi politikoan jarduteagatik terrorismo delitua egotzita. Atxiloketa horren ondorioz, 918 gau pasatu zituen Santestebanek hainbat kartzelatan, eta itxialdi hartan eta harrezkero bizitakoen eta berarengan piztutakoen, itzalitakoen, lizundutakoen, eraldatutakoen eta ernetakoen kontaera zinematografikoa da "918 gau", estereotipoak inarrosteko lehen pertsonan egindako film politiko, poetiko, zintzo eta iradokitzailea.

Errekurtso urri baina eraginkorrez, Santestebanek desasosegua pantailaratu du "918 gau" lanean, off-eko ahotsa, memoria, argazkiak, bideoak, agiri ofizialak eta eszena bizi zenbait erabiliz, ikuslea amildegi ertzera bultzatu eta, hunkitzera baino gehiago, hausnartzera gonbidatzeko: militantziak, militantzia horiek gauzatzeko moduak, epika, hauskortasuna, heroitasun edo heroikeria, eredugarritasunaren zama, gorputza, kontraesanak, hainbat jarrera irmoren helduleku diren iruditegiak ezbaian jartzeko erronka, ahultasuna eta indarra, jaso dugun mundu ikuskeraren eta garatzeko dugunaren arteko uztartze edo talka...

Formulismoei itzuri egin die iruindar zinemagileak "918 gau"n, nola alderdi formalean, generoen, preskripzioen eta konbentzioen mugak urtuta, hala funtsean, epikatik eta errazkeriatik ihesi dokumental sarituak zalantzak eta artegatasuna baititu kontagai, esparru labainak izanagatik kontakizun arranditsuak baino gertukoago eta urgenteagoak zaizkigunak. Letra larrizko mezu irmo horiek badituzte, izan, beren bide zabal eta erosoak.

Arantza Santestebanekin hitz egin dugu "nire bilakaera pertsonal eta politikoa lengoaia zinematografikora eramateko saiakera" honetaz.

2020an, pelikula artean amaitu gabea zela, esan zenidan "918 gau"k Europako zinema industrian zer harrera zuen ikusi nahi zenuela, "lengoaia zinematografiko esperimentalean emandako gatazkaren inguruko ikuspegi propio bat" den neurrian. Bistan da ondo hartu dutela. Harritu zaitu filmak kanpoan jaso duen oniritziak? Zein izan dira, zure ustez, horren gakoak?

Oso polita izan da filmak nazioartean egin duen ibilbidea. Halako film batek egin zezakeen ibilbidearekiko espektatiba handiak genituen ekipoan, eta irudika genezakeen baino harrera arrakastatsuagoa eduki du.

Film xumea da, ekipo txiki batekin egina. Formari dagokionez, hainbat arrisku hartu ditut, eta azkenerako pelikula sailkaezin moduko bat geratu da. Premisa horiekin, uste nuen zaila izango zela mugitzea, baina iruditzen zait gakoak horiek izan direla agian, hain zuzen ere, filma nahiko berezia dela.

Orain, pelikula etxean aurkeztea tokatzen zaizu, Iruñean. Uste duzu Euskal Herrian, gatazkak denongan izan duen itzalaren ondorioz, pelikulari bestela begiratuko zaiola edo beste modu batera ikusiko dela?

Jakina, hemengo ikusleak harreman estuagoa izan du filmean kontatzen diren hainbat egoerarekin, eta alde horretatik beste hurbilpen bat izan dezake pelikularekin. Edozein kasutan, uste dut film honen abiapuntu nagusia ez dela gatazka politikoaren inguruko kontakizun bat egitea.

Film honekin, nire asmoa izan da nik bizi izan dudan bilakaera pertsonal eta politikoa lengoaia zinematografikora eramatea. Asko pentsatu dut nola islatu film batean sentsazio jakin batzuk: "nolakoa da zalantzaren eta deserosotasunaren forma ikuspegi zinematografiko batetik?". Galdera horri erantzuten saiatu naiz sormen prozesuan.

Horregatik diot filma ez dagoela nagusiki edukiaren ikuspegitik pentsatuta, ukaezina izanik ere kartzelak edo egoera politikoak baduela bere lekua. Gehiago pentsatu dut aspektu formalaren ikuspegitik.

Pelikulan, aurreikuspenekiko harremana hartzen da hizpide zenbait pasartetan. Zein neurritan dira besteren aurreikuspenak ekiteko akuilu eta zein neurritan dira zama eta inertziak apurtzeko traba?

Galdera sakona da, eta nik uste dut neurri handi batean oso galdera gizatiarra dela. Gizaki modernoaren kezken artean dago besteen begietara nola agertzen den; askotan besteak dira gure ispilu, onerako eta txarrerako.

Edozein kasutan, nire asmoa izan da aztertzea euskal gatazkaren testuinguruan bizipen militanteak izan ditugun pertsonengan eraikitako narrazioek zenbateko eragina izan duten. Epika ugari eraiki da borrokaren tradizio luze bati jarraituz, eta iruditegi horrek aurrez aurre nola eraiki gaituen aztertu nahi nuen nire deserosotasun propiotik abiatuta.

Nire kasuan, galdera egin diot neure buruari zer puntutaraino iruditegi horrek eman didan –ematen didan– leku bat eta zer puntutaraino sartu den kontraesanean neure buruarekin, bestelako bizipenak pilatzen hasi zaizkidanean. Azken batean, filmak tesirik defendatzen badu, horixe litzateke: iruditegiek osatzen gaituzte, baina, nire ustez, irudiei galdetu behar zaie zein diren haien aurrean ditugun zalantzak, konfrontazioak eta desadostasunak.

Arantza Santesteban. Argazkia: Gorka Beunza.

Arantza Santesteban. Argazkia: Gorka Beunza.

Pelikula, hain zuzen ere, berrespenen eta inertzien aurkako artefaktua da, estereotipoak astintzeko bokazioz egindako sortze lana. Ideologia ustez aurrerakoiko adierazpen (film, liburu, musika lan, diskurtso) kontserbadore asko daude, zure ustez, estereotipoak indartzen dituztenak?

Duela gutxi, euskal kulturaren inguruko jardunaldi batean parte hartu nuen. Bertan, eztabaida interesgarri eta nire ustez esanguratsu bat izan zen: iritzi orokortuaren arabera, euskal kulturak, kultura gutxitua den heinean, ez luke desatseginak –edo itsusiak, edo mingarriak– diren gauzen inguruan aritu beharko, ez eta gutxieneko publiko batek soilik onar ditzakeen ekoizpen artistiko edo kulturalak egin.

Ni beste uste batekoa naiz. Ulertzen dut euskal ekoizpenak lehiatu behar direla eduki mainstream-ekin, baina, kulturaren biziraupenaren ikuspegitik, euskal kulturak, bere aldaera guztiekin, ez badigu balio inguratzen gaituen mundua gordintasunetik edota zalantzatik pentsatzeko, orduan folklore bihurtuko zaigu, hein handi batean.

Hori iruditzen zait, hein handi batean, ikuspegi kontserbadorea. Gehiengoa asetzeko eta hunkitzeko kultura batek ziurtatzen dizu publikoa, errepikatzen du estereotipoa behin eta berriz, baina, bestalde, kulturak balio behar du bazter guztiak aztoratzeko eta dena hankaz gora jartzeko.

Horren ildotik, "918 gau"n iradokitzeko eta ikuslea ez bideratzeko konpromisoa igartzen da. Idazketa eta muntatze prozesuetan, zenbat egon da ezabatzetik, emozioa bridatzetik eta, gehiegi ez erakuste aldera, balazta sakatzetik?

Bai, argi neukan ez nuela ikuslea hunkidurara bideratu nahi. Nahiago nuen aipatu dudan deserosotasun sentsazio horren parte egin, eta ikusleari espazioa eskaini pentsatzeko, harritzeko eta, zergatik ez, filmean galtzeko. Hori izan da lanik handiena, zalantzarik gabe: nola asmatu tonuan.

Dezente ezabatu dut, bai, baina minik gabe egin dut. Pelikula hau ez dut egin nire esperientziaren atxikimendutik abiatuta, eta, beraz, erraz egin ditut mozketak eta bestelako aldaketak.

Anonimotasuna aldarrikatu eta bilatzen du, halako batean, pelikulako protagonistak kartzelatik irtendakoan; baina ez du egiten desagertzeko, baizik eta beste toki batetik askeago ekiteko. Gero, aitzitik, denon aurrean arakatzen du bere bizitza intimoan, pelikularen beraren bidez. Sentitu duzu bertigorik halako esposizio baten aurrean?

Bai, badut halako deserosotasun bat filmean agertzearekin. Edozein kasutan, filmean anonimotasuna aldarrikatzen dut, une jakin batean.

Nire ustez, anonimotasuna oso beharrezkoa da une jakin batzuetan, bilakaera militante batean. Pertsonaia "publikoek" edo, esaterako, preso ohi batek izan dezakeen harrera horren barruan, uste dut beharrezkoa dela anonimotasun hori errespetatzea. Bakardade, atseden edo distantzia horren aldekoa naiz, hori zaintzearen aldekoa; izan ere, kalera ateratzeko unea oso gogorra da, esanezinezkoa.

Arantza Santesteban

Arantza Santesteban

Edozein kasutan, ez da nahasi behar anonimotasuna eta, nolabait, betiko desagertzea. Nik ez dut sinisten betiko azpiratzen zaituen prozesu anonimo batean, baizik eta kartzelatik atera den pertsonari osatzeko eta bere leku berria libreki eraikitzeko denbora ematen dion batean.

Zuk esan bezala, nik erabaki nuen ahalik eta askeen sentitzea, eta orain film hau da nire hausnarketen berri ematen duen ekarpena, ekarpen txiki bat nire ustetan politika egitea zer den pentsarazteko bidean.

Erritmo geldoko filma da, oro har, baina hainbat pasartek baretasun hori hausten dute. Nola landu duzu filmaren erritmoa?

Esan bezala, asko pentsatu dut deserosotasunaren eta zalantzaren forma zinematografikoan. Horrek eman dit neurria eta erritmoa.

Besterik da prozesuan zehar banekiela filmak ez zuela izango narratiba lineal bat, nire prozesua lineala ez den moduan. Orduan erabaki nuen egitura sigi-sagatsua izango zuela filmak, eta eszena horiek, erritmoa apurtzeaz gain, norabide ezegonkor bat markatzen dutela uste dut, alde batetik bestera joatearen sentsazio hori.

Soinua oso zainduta dago. Nola landu duzu alde hori Alazne Ameztoyrekin batera?

Oso ekipo ona izan dut soinuan: Alazne Ameztoy zuzeneko soinuan eta Xanti Salvador postprodukzioan. Luxua izan da haiekin lan egitea, eta neurri handi batean beraien irizpideei jarraitu diet une askotan.

Ahultasunean eta intimitate zaurgarrian ere jartzen du arreta pelikulak, kartzelak eta filmean erakusten den militantzia ulertzeko modu batek baztertzen dituzten bi esparrutan, berorietan zenbaitek "indarra" sublimatzen dutenez gero. Ahultasuna aldarrikatzeko bidean, aurrerapausorik, ganorazko aldaketarik, ikusten duzu gizartean?

Iruditzen zait baietz, zorionez badirela pitzadurak diskurtso epikoetan, aldarrikatzen dutenak badirela beste potentzia batzuk subjektibitate politikoen osaketan parte hartzen dutenak. Niri potentziak iruditzen zaizkit inportanteagoak edozein egitasmo aurrera eramateko orduan, izan proiektu politiko bat edo izan elkarte txiki baten plangintza.

Denborarekin, ohartu naiz zeharkatzen gaituzten gauzek, gorputzetik pasatzen diren indar eta astinaldiek, sortzen dutela atxikimendua edo benetako lotura egiten ari garen horrekin. Batzuetan, narrazio epikoek lortzen dute atxikimendu hori piztea, eta, beste batzuetan, narrazio horiek berek distantzia handia eragiten dute diskurtsoaren eta gorputzaren –bizipenaren– artean.

Halakoetan gertatzen dena interesatzen zait niri: nola pentsatu krisialdi moduko hori. Halakoetan indarraren ondoan ahultasuna agertzen da, eta, nire ustez, biak dira beharrezkoak konpromisoaz ari garenean.

'918 gau'

'918 gau'

Ikusiko da pelikula zinema aretoetan, jaialdietatik kanpo? Zer etorkizun opa diozu "918 gau"ri?

Bada, ondo bidean, filmaren aretoetako estreinaldia udazkenean izango da. Etorkizunik onena opa diot filmari; orain arte poz handiak eman dizkit, eta hala jarrai dezala.

Baduzu beste sormen lanik esku artean? Zerbait aurreratzerik?

Oraintxe bertan, Arte Ederretan egiten ari naizen doktore tesia amaitzen ari naiz. Asmoa da urte amaieran entregatzea, eta horretan daukat energia gehiena.

Horrez gain, Tabakaleran pentsamendu kritikoko talde bat gidatzen du, eta Dinamoa zentroan ZIGiZAGa aldizkaria editatuko dugu laster.