Zinema
Palmaresa
"Instructions for survival" dokumentalak irabazi du Zinegoaken Sari Nagusia
N. V. | EITB Media
Yana Ugrekhelidze georgiarraren film alemaniarrak EITBk babesten duen sari nagusia, DOK saria eta Giza Eskibideen eta Aniztasunaren saria eraman ditu Bilboko Gaylesbitrans zinema jaialdian.
-
Georgiako errealitateari begiratzen dio "Instructions for survival" filmak
Zinegoak Bilboko Gaylesbitrans nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdiak aurtengo edizioaren, hemeretzigarrenaren, palmaresa ezagutzera eman du gaur, jaialdiaren amaiera galan. Film luzeetan, "Instructions for survival" izan da irabazle nagusia, eta film laburren kasuan, "17 minutos con Nora".
Yana Ugrekhelidze zuzendariaren dokumentalak hiru sari irabazi ditu: Zinegoak Sari Nagusia (4.000 euro, EITBren eskutik), DOK saria eta Aniztasunaren eta Giza Eskubideen Saria (3.000 euro, Bizkaiko Foru Aldundiko Lankidetzarako eta Aniztasunerako Zuzendaritza Nagusia).
DOK ataleko epaimahaiak aipamen berezia egin dio "How the room felt" pelikulari, Ketevan Kapanadze zuzendariarena "bere egia eta poesia bisualagatik". KRAK sariaren kasuan, irabazlea Reka Valerik zinegilearen "Silent Voice" izan da, "zuzendariak istorio erreal eta gordina kontatzen duelako, ausardia handiz, protagonistak bere herrialdea atzean utzi eta familiatik urrundu behar izan zuelako, bere sexu-orientazioa dela eta".
FIK pelikularik onena Laura Samaniren "Piccolo Corpo" izan da, epaimahaiaren arabera. Halaber, aipamen berezia eskaini diote C.B. Yi zinegilearen "Moneyboys" filmari.
Aniztasunaren eta Giza Eskubideen Epaimahaiak ere aipamen berezia eskaini dio Catherine Corsiniren "La fracture" lanari.
Lesbianismo eta Generoaren Saria (1500 euro, Bilboko Udalaren Berdintasun Sailaren eskutik) Angeles Cruzen "Nudo Mixteco" filmarentzat izan da, eta atal horretako aipamen berezia Isabelle Solas zinegilearen "Nuestros cuerpos son sus campos de batalla" pelikularentzat.
Euskal Aktoreen Batasunak ere jaialdian izan ditugun antzezpenik onenak saritu ditu. Fikziozko Film Luzeko Antzezpen Nagusirik Onena "Woman do cry" filmeko Maria Bakalovarentzat izan da, eta bigarren mailako antzezpen onenarena Pio Marmaï aktorearentzat "La fracture" lanagatik.
Film laburrei dagokionez, irabazle nagusia Imanol Ruiz de Lararen "17 minutos con Nora" izan da: Publikoaren Saria (1000 euro, Euskaltelen eskutik) eta Gazte Epaimahaiaren Saria irabazi ditu.