Zinema
Martxoak 8-20
15 euskal ekoizpen erakutsiko dituzte Nantesko zinema jaialdian
N. V. | EITB Media
Bost film luze, bederatzi labur eta "Hondar ahoak" telesaila eskainiko ditu jaialdiko Fenêtre Basque zikloak.
-
"Heltzear" Haizea Oses protagonista duen film laburra ikusi ahalko da, besteak beste
15 euskal ekoizpen eskainiko ditu Nantesko Festival du Cinéma Espagnol jaialdiaren baitan urtero egiten den Fenêtre Basque (Euskal Leihoa) zikloak martxoaren 8tik 20ra: bost film luze, bederatzi labur eta "Hondar ahoak" ETBren telesaila.
'Maixabel' (2021); Marc Sempere eta Leire Apellanizen 'Canto cósmico. Niño de Elche' (2021); 'Espíritu sagrado' Chema García Ibarrak zuzendutako opera prima, Apellaniz & De Sosa euskal ekoiztetxearen parte-hartzea duena; Igor Legarretaren 'Ilargi guztiak' (2021) eta Maider Oleagaren 'Kuartk Valley'.
Gainera, 'Hondar ahoak' (2020) Koldo Almandozek zuzendutako lau ataleko mini-seriearen frantziar estreinaldia egingo dute Nantesko jaialdian.
IRAKURRI KOLDO ALMANDOZI "HONDAR AHOAK"I BURUZ EGINDAKO ELKARRIZKETA
Koldo Almandoz: "Genero beltzak derrapatzeko aukera handiagoa ematen du"
Jaialdiko film labur onena izateko hautagaien artean, bestalde, bi euskal zinegile daude, Etxepare Euskal Institutuak azaldu duenez: David Pérez Sañudo, 'Au pair' (2021) laburrarekin, eta Mikel Gurrea, 'Heltzear'-ekin (2021).
Fenêtre Basque zikloaren baitan, aurreko edizioetan bezala, "Heltzear" bezala 2021eko Kimuaken aukeraketan jasotako gainerako lanak ere ikusi ahalko dira: 'Azaletik azalera' (2021), Mel Arranzena; 'Berak baleki' (2021), Aitor Gametxorena; 'Inner Outer Space' (2021), Laida Lertxundirena; 'Resonancias' (2021), Iñigo Aranbururena; 'Trumoiak' (2021), Iker Maguregirena; 'Ur azpian lore' (2021), Aitor Oñederrarena; eta 'Zerua blu' (2021), Lur Olaizolarena.