Zinema
''Irati''
Ikusi "Irati" filmaren kartela
EITB Media
Paul Urkijok azaroan amaitu zuen bere bigarren luzea filmatzen. VIII. mendeko Pirinioetan girotuta dago EITBren parte-hartzea duen filma, Erdi Aroko garai ilun batean, erlijio hegemonikoak elkarren aurka borrokatzen ziren garai batean.
-
"Irati" filma
Paul Urkijo Errementari filmaren zuzendariak azaroan amaitu zuen Irati bere bigarren luzea filmatzen, besteak beste Loarreko gazteluan eta Arrikrutz, Leze eta Pozalaguako kobazuloetan. VIII. mendeko garai historiko ilunean girotua dago, euskal mitologiako elementuekin. Orain, pelikula aurkezteko posterra erakutsi dute:
'Irati'
EITBren parte-hartzearekin euskaraz filmatutako laneko aktoreak hauek dira: Eneko Sargadoy, Edurne Azkarate, Iñigo Aranbarri, Nagore Aranburu, Elena Uriz, Iñaki Beraetxe, Ramon Agirre, Kepa Errasti, Itziar Ituño...
Irati filmaren ekoizlea Irati Zinema AIE (Bainet, Ikusgarri Films, Kilima Media) da, La Fidele Production etxearekin batera. Halaber, ICAAk, EITBk, RTVEk, Eusko Jaurlaritzak, Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak babestu dute.
Sinopsia
VIII. mendea.
Kristautasuna hedatzen ari da Europan, eta sinesmen paganoak desagertzen. Frankoen erasoaldiaren ondoren, Karlomagnoren armada Pirinioak zeharkatzera doala, ibar-jaunak laguntza eskatuko dio antzinako jainkosa bati. Odolezko itun baten bitartez, etsaia garaituko du, trukean bizitza emanda, baina lehenago, Eneko semeari hitzemanarazten dio bere herria babestu eta gidatuko duela aro berrian.
Urte batzuk geroago, misio batekin egingo dio aurre Enekok promesa hari: aitaren gorpua berreskuratu beharko du, modu paganoan lurperatuta baitago Karlomagnoren altxorrarekin batera. Kristau fedekoa izanik, Enekok ibarreko pagano baten laguntza beharko du, Irati deituriko emakume enigmatiko batena.
Bi gazteak oihan bitxi eta ilun batean murgilduko dira; bertan, diotenez, "izena duen guztia bada".