Itxi

Zinema

Berlinale

Carla Simon katalanak Berlinaleko Urrezko Hartza irabazi du "Alcarràs" filmarekin

N. V. | EITB Media

Simonen bigarren film luzeak Alemaniako jaialdiko sari gorena jaso du, M. Night Shyamalan zuzendaria buru izan duen epaimahaiak erabakita.

  • Carla Simón, Berlinaleko saria jasotzen. Argazkia: Efe.

    Carla Simón, Berlinaleko saria jasotzen. Argazkia: Efe.

Melokotoi sail bat duen Kataluniako familia baten gorabeherek txunditu egin dute Berlinale, eta "Alcarràs" Carla Simón zinemagilearen pelikulak eskuratu du aurten Urrezko Hartza, "baserritar txikien egoeraren aurreko samurtasuna eta amorrua uztartzen dituen zinema baten" erakusle baita.  

M. Night Shyamalan indiar-estatubatuar zinemagilea buru zuen epaimahaiak azpimarratu du interpretatzeko "ahalmen izugarria" erakusten dutela Simonek istorioaren kokalekua den eskualdeko jaietan aurkitu zituen aktore ez-profesionalek.

Epaimahaiaren Sari Nagusia "The Novelist's Film" Hong Sang-soo hegokorearraren filmarentzat izan da.

Epaimahaiaren Zilarrezko Hartza, bestalde, Natalia Lopez Gallardo boliviarrak jaso du, "Manto de Gemas" mexikar-argentinar filmagatik.  

Zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza Claire Denisek irabazi du "Avec amour et acharnement" filmean egindako lanarengatik, eta interpretazio onenarena Meltem Kaptan alemaniar-turkiarrak eraman du, "Rabiye Kurnaz versus George W. Bush" Andreas Dresen alemaniarraren filmari esker.

Xabier Erkizia

Gainera, film laburren atalean, "El sembrador de estrellas" Lois Patiño (Vigo, 1983) galiziarraren film laburra saritu dute Berlinalen, eta lan horrek ordezkatuko du Alemaniako jaialdia Europako Zinema Sarietan.

Tokioko gaueko unibertsoan zehar bidaia "oniriko eta espirituala" eskaintzen du lanak, Antonio Machado, Borges, Beckett eta Sontagen testuetan oinarrituta, eta Xabier Erkizia lesakarra arduratu da lan horren soinuaz.