Itxi

Zinema

Elkarrizketa

Alauda Ruiz de Azua: "Berlinalen egotea amets bat betetzearen parekoa da"

Natxo Velez | EITB Media

Euskal zinemagileak "Cinco lobitos" bere lehen film luzea estreinatuko du gaur Berlingo zinema jaialdian, amatasunari dena erraustu eta familiarteko harremanak betiko eraldatzen dituen meteorito gisa begiratzen dion pelikula.

1:12
Alauda Ruiz de Azua

Alauda Ruiz de Azuaren (Barakaldo, 1978) bizitza errotik aldatu zen duela bost urte, ama bihurtu baitzen, besteak beste –ez dezagun ahatz– alaba izateari utzi gabe. "Cinco lobitos" idatzi eta zuzendu duen lehen film luzean, Ruiz de Azuak ordutik aurrera familia barruko harremanei, kontziliazioari eta zaintzari buruz erne zaizkion hausnarketak pantailaratu ditu, denak ere epika eta aintza handirik gabeko alorrak, "atzeko zarata ia" gure egunerokoan, zuzendariaren hitzetan, "baina ezinbestekoak".

"Gurasoak zaintzen ditugu, beraien guraso bilakatu ere egiten gara zahartzen direnean, eta, hala ere, beraien begirada batek behinola izan ginen nerabe zalantzatiarengana eramango gaitu halako batean edo piztuko digu beraien besarkada ezagun, bero eta irrazionala jasotzeko nahia. Joan-etorriko seme-alabak gara", azaldu du zinemagileak.

'Cinco lobitos' filmaren errodajea

'Cinco lobitos' pelikularen filmatzea

"Cinco lobitos" EITBren parte-hartzea duen filmak Amaiaren (Laia Costa) istorioa du kontagai. Ama izan berritan, gurasoen etxera itzuliko da, euskal kostaldeko herri batera, umea eta bere burua zaintzen lagun diezaioten. Ama, baina, gaixotu egingo da, eta Amaiak zaindu beharko ditu guztiak.

Alauda Ruiz de Azuarekin hitz egin dugu, ostiralean, otsailak 11, "Cinco lobitos" lehen aldiz erakutsi aurretik. Berlinaleko Panorama sailean parte hartuko du, eztabaidak pizteko helburuz egindako pelikulak programatzen dituen atalean.

Alemaniako jaialdia atzo hasi, eta otsailaren 20an amaituko da.

Zorionak, Alauda! Nola hartu duzu zure lehen film luzea Berlinalen egongo dela jakitea? Nola izan zenuen horren berri?

Eskerrik asko! Nahasketa-gelan jaso nuen albistea, eta saltoka hasi nintzen pozaren pozez. Neureganatzen ari naiz oraindik. Amets bat bete dela ikustearen parekoa da.

Jaialdi askotara eraman dituzu dagoeneko zure film laburrak. Nola bizi da zinema jaialdi bat, zinemagilearen begietatik?

Ilusio handiz bizi izaten da. Zinemaren gaineko ezaguera dudanetik jarraitu izan dut Berlinale jaialdia. Hemengo sariekin, hemengo hautaketekin eta abarrekin hazi naiz.

Erreferentea da niretzat, eta oso hunkigarria da halako batean zure pelikula horrelako toki batean hautatu dutela ikustea.

Alauda Ruiz de Azúa eta Laia Costa

Alauda Ruiz de Azúa eta Laia Costa

Zer da horrelako esperientzia batetik gehien gustatzen zaizuna? Zer gutxien?

Bidaia zoragarria izaten ari da: poza, lantaldearekin batera bizitzea, berriz biltzea, jaialdiko jendeak helarazten duen berotasuna…

Txarrena material guztia banatzeko presak dira agian: teaserrak… Zuzendari bezala, beti nahi izaten duzu dena zehatz-mehatz zaindu, eta beti eskatzen diozu beste ordubete bat egunari.

Zein agenda izango duzu Berlinen?

Otsailaren 11n estreinatuko dugu pelikula, aretoan publikoa dagoela. Gero, prentsaurrekoa eta hainbat elkarrizketa egingo ditugu.

Zer eman diezaioke pelikulari Berlingo jaialdiak eskaintzen duen bezalako erakusleihoak?

Asko ari zaio ematen. "Cinco lobitos" (Lullaby) mapan jarri du. Jende eta hedabide askoz gehiagorengana iristeko atea ireki dio.

Panorama sailean kokatu dute "Cinco lobitos", "eztabaidarako materiala aurkezten duten pelikulak" biltzen dituen atalean. Pelikula honen helburua hori delakoan nago. Zer txinpartak piztu zuen gerora hainbat urteko lana ekarri dizun filma egiteko prozesua?

"Cinco lobitos" filmak eztabaida interesgarria eragin dezake kontziliazioaren gaur egungo egoerari buruz, eraiki nahi dugun familia ereduari buruz eta horrek eragiten dituen ondorio sozial eta emozionalei buruz.

Txinparta lehen aldiz ama izatea izan zen, eta ume baten etorrerak dakarren guztiari buruzko kontakizunak bilatu nahi izatea. Eta horren gaineko kontakizun askorik ez aurkitzea izan zen pelikula idazten hasteko arrazoia.

'Cinco lobitos'

'Cinco lobitos'

Noiz ikusi ahalko dugu "Cinco lobitos"?

2022ko maiatzaren 20rako dago aurreikusita "Cinco lobitos"en estreinaldia zinema aretoetan. Zuek ikusteko aukera izateko irrikan nago!

Nolakoa da hainbeste lan ekarri dizun zerbait publikoaren esku uzteko prozesua?

Bidaiaren oso tarte polita izaten ari da. Denborak edo beste edozein faktorek ezarritako presiorik gabe. Pelikulak sortzen dituen emozioez gozatzen, besterik ez. Izan zenituen lehen intuizio horiek gauzatu direla eta besteengana iristen direla egiaztatzen.

Zer etorkizun opa diozu pelikulari?

Ikuslez, irribarrez eta emozioz beteriko etorkizuna opa diot. Amaberri batek ikusi eta, unetxo batez bada ere, hain bakarrik ez dagoela pentsatuko ahal du!