Itxi

Zinema

Zinema jaialdia

"918 gau" filma Punto de Vista jaialdian lehiatuko da

N. V. | EITB Media

Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdia martxoaren 14tik 19ra egingo dute, eta Arantza Santestebanen filma Sail Ofizialean izango da, besteak beste, "Los caballos mueren al amanecer" Ione Atenearen lanarekin batera.

  • "918 gau"

    "918 gau"

Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiak Sail Ofiziala osatuko duten 21 filmak (13 film luze eta 8 film labur) iragarri ditu. Besteak beste, "918 gau" Arantza Santestebanen filma eta, lehiaketatik kanpo, "Los caballos mueren al amanecer" Ione Atenearen lana izango dira tartean.

Punto de Vista jaialdiaren hamaseigarren edizioa martxoaren 14tik 19ra egingo dute, eta, hain zuzen ere, Ione Atenearen "Los caballos mueren al amanecer" filmak irekiko du, hildakoen gauzekin daukagun erlazioa mintzagai duenak, lehiaketatik kanpo.

Sail Ofizialean, bestalde, "918 gau" Arantza Santestebanen filmak hartuko du parte, Lisboako, Turingo eta Galiziako zinema jaialdietan sariak jaso eta gero. EITBren parte-hartzea duen filmaren abiapuntua 2007ko urriaren 4ko gaua da.

Polizia Nazionalaren kamioneta batzuek Santestebanen autoa geldiarazi, eta atxilotu egin zuten. Terrorismo-delitua leporatu zioten, 2002ko Alderdien Legeak ilegaltzat jotako alderdi batean jarduera politikoa gauzatzeagatik. Guztira, 918 gau eman zituen espetxean, eta orduan jasotakoak dira filmaren kontagaia.

Manuel Asín jaialdiko zuzendari artistikoak eta Lucía Salasek, Miguel Zozayak, Lur Olaizolak eta Pablo García Cangak osatutako programazio batzordeak hartu dute parte 800 proposamenetatik 21 filmak aukeratzeko prozesuan.

Punto de Vista zazpi sail handitan antolatuko da: Sail Ofiziala, Atzera begidak, Foku garaikideak, X Films proiektua, Hezkuntza programa eta bi sail berri: Lan, sorkuntza eta ekoizpen prozesuen inguruko jarduera publiko batzuk proposatuko dituena eta Gainezkatzeak, zinema dokumentala beste praktika artistiko eta gogoeta praktika batzuekin harremanetan jarriko duena.