Zinema
GOYA SARIAK
'Maixabel' filmak Goya Sarietarako 14 izendapen lortu ditu, kategoria gorenekoak barne
O.P. | Eitb Media
Iciar Bollainen filmak EITBren parte-hartzea izan du. Emakumezko eta gizonezko aktore protagonista onenen, zuzendari onenaren, gidoi onenaren eta soinu banda onenaren sariak irabazteko hautagai da, besteak beste. Sari banaketa ekitaldia otsailaren 12an izango da.
-
Blanca Portillo eta Iciar Bollain, 'Maixabel'-en filmaketan. EITB
EiTBk parte hartu duen Iciar Bollainen Maixabel filmak Goya Sarietarako 14 izendapen lortu ditu, horien artean, kategoria gorenekoak: film onena, zuzendari onena (Iciar Bollaín), emakumezko aktore protagonista onena (Blanca Portillo), gizonezko aktore protagonista onena (Luis Tosar) eta jatorrizko gidoi onena (Iciar Bollaín eta Isa Campo).
Urko Olazabal eta Maria Cerezuela aktoreek ere etxera 'buruhandi' bana eramateko aukera dute, bigarren mailako gizonezko aktore onenaren eta emakumezko aktore berri onenaren sailetan, hurrenez hurren.
Alde teknikoari eta artistikoari dagokionez, Maixabel-ek zuzendaritza artistiko onenaren izendapena lortu du (Mikel Serrano), ekoizpen zuzendaritza onenarena (Guadalupe Balaguer Trelles), soinu banda onenarena (Alberto Iglesias), soinu onenarena (Alazne Ameztoy, Juan Ferro, Candela Palencia), muntaketa onenarena (Nacho Ruiz Capillas), jantzien diseinu onenarena (Clara Bilbao) eta makillaje eta ile-apainketa onenaren izendapena (Karmele Soler, Sergio Perez Berbel).
Iker Alvarezek eta Haizea Pastorrek zuzendutako Zutik! (Salvar el Árbol) haurrentzako filmak animaziozko film onenaren sarirako izendapena lortu du.
Fernando Leon de Aranoaren El buen patron-ek 20 izendapen lortu ditu 36. Goya Sarietarako eta Imanol Uribek Los dias contados-ekin 1994an ezarritako marka hautsi du, 19 izendapen izan zituen hark. Pedro Almodovarren Madres paralelas filmak 8 izendapen lortu ditu.
Nathalie Poza eta Jose Coronado aktoreek eman dute gaur goizean Akademiaren egoitzan 36. Goya Sarietarako hautagaien berri. 2022ko sari-emate gala otsailaren 12an izango da Valentziako Palau de les Artsen, Luis Garcia Berlangaren mendeurrena ospatzeko.
Espainian 2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean estreinatu diren 160 film lehiatu dira 36. Goya Sarietarako izendapen hauetan. 160 horietatik 82 fikziozkoak izan dira, 74 dokumentalak eta lau animaziokoak.