Itxi

Zinema

44. edizioa

20 film labur lehiatuko dira Euskal Zine Bileran

N. V. | EITB Media

Azaroaren 20tik 28ra egingo dute Lekeition, berrogeita laugarrenez, euskarazko ikus-entzunezko lanen jaialdia.

  • "Erroak" dokumentala izango da ikusgai egongo den filmetako bat

    "Erroak" dokumentala izango da ikusgai egongo den filmetako bat

Lekeitioko Euskal Zine Bilera jaialdiaren 44. edizioa azaroaren 20tik 28ra egingo dute, eta antolatzaileek iragarri dituzte dagoeneko bertan lehiatuko diren 20 film laburrak.

Zuzendaritza (1.600 euro), gidoi (1.600 euro) eta film onenaren (1.900 euro) sariak irabazteko izango dira lehian filmok, egile profesional zein amateurrek egindakoak, baita EITB Ikusleen Saria eramateko ere. Lanok azaroaren 22, 23, 24 eta 25ean egongo dira ikusgai Ikusgarri aretoan, 19:00etatik aurrera, baita zinebilera.eus webgunean ere, zineman ematen diren arratsalde berean.  

Teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desberdinak biltzen dituzte lanek: "Aterpean ateri" (Ruben Crespo), "Itsasoan" (Joserra de la Mar, Xabi Crespo), "Zikings" (Aiert Goenaga), "Begiak hesteko artean" (Jorge Moneo), "Zerua hautsi zen gaua" (Maria Fontan) -horiek hilaren 22an ikusi ahalko dira-, "Haur erbesteratuak" (Mikel Mendizabal), "Erroak" (Sergio Azkarate), "Rewind" (Amaia San Sebastian), "Barraskiloentzat iganderik ez" (Ainhoa Urgoitia, Enrique Rey), "Deia" (Khuruts Begoña) -hilaren 23an-, "Subandila" (Josu Martinez), "Memoria" (Eukeni Arriortua), "Game Over" (Ilune Diaz), "10 watt bakarrik" (Oier Fuentes), "Ostendene" (Gorka Ezkibela) -hilak 24-, "Serendipia" (Iban del Campo), "Yauri Etxaide" (Pello Seron, Unai Zaballa), "Ate-joka" (Iban Gorriti), "N.B.ren erretratu bat" (Peio Aguirre), "Atzelariak" (Maddi Arzallus, Iñigo Alkorta) -hilak 25-.

Zuzendaritza, gidoi eta film onenaren sariak ebazteko epaimahaia Iratxe Fresneda zuzendari eta EHUko irakasleak, Izaskun Arandia gidoilari, zuzendari eta ekoizleak eta Ane Pikaza aktore eta ilustratzaileak osatuko dute.

EITB Ikusleen Sariaren irabazlea, berriz, publikoak emango du, noski, zineman bertan zein Internet bidezko emanaldietan botoa emanda.  

"Paperezko hegoak" Josu Martinez eta Samara Velteren filmak irekiko du Zine Bilera, hilaren 20an, sariak hilaren 27ko amaiera galan banatuko dituzte, eta hilaren 28an, jaialdia ixte aldera, palmaresean saritutako lanak ikusi ahalko dira.