Itxi

Zinema

Goya sariak

Euskal zaporea Goya sarietan

Erredakzioa

Euskal zinemagintzak zazpi sari lortu ditu, tartean zuzendari onenarena (Enrique Urbizu).

04:33
Euskal zinemak zazpi Goya sari eskuratu ditu

Aurtengo Goya sariek erakutsi egin dute euskal zinemagintza osasuntsu dagoela. Ez bakarrik gaueko irabazle nagusia Enrique Urbizu zuzendari bilbotarra ("No habra paz para los malvados") izan delako, baizik eta orotara zazpi profesional euskaldunek irabazi dutelako saria.

Enrique Urbizuk zuzendari onenaren saria eskuratu du, lehian Pedro Almodovar ("La piel que habito"), Benito Zambrano ("La voz dormida") eta Mateo Gil ("Blackthorn. Sin destino") garaituta.

Gaueko golardo handiena jaso baino lehenago, gainera, Urbizu jatorrizko gidoi onenaren saria hartzera igo da eszenatokira, Michel Gaztambide lankidearekin batera.

Guztira, "No habra paz para los malvados" filmak sei goya irabazi ditu: pelikula, zuzendaria, jatorrizko gidoia, gizonezko aktore protagonista, muntaia eta soinua.

Urbizuk zuzendari onenaren saria irabazi izana ez da ezustekoa izan, faborito baitzen, eta are ezusteko txikiagoa izan da Alberto Iglesias donostiarrak musika onenaren golardoa lortu izana, "La piel que habito" filmean egindako lanagatik. Dagoeneko bederatzi Goya ditu, eta hurrengo igandean bere lehen Oscar saria lor lezake, "El topo" filmarekin.

'Eusko labela' izan duen beste sari bat animaziozko film labur onena izan da, Pedro Rivero bilbotarra izan baita garaile, "Birdboy" obrarekin.

Sari teknikoek ere euskal usaina izan dute: Karmele Soler gipuzkoarrak makillaje eta ile-apainketa onena egin du "La piel que habito" filmean, Juan Antonio Ruiz Anchia bilbotarrak argazkilaritza onena "Blackthorn"en eta Clara Bilbaok jantzi onenak "Blackthorn"en.