Zinema
Canneseko jaialdia
"La caída del vencejo" film laburra, euskal ordezkaritzaren buruan Cannesen
Natxo Velez | EITB Media
Gonzalo Quincoces bilbotar zuzendariaren lana Frantziako jaialdian lehiatuko da, Cinéfondation sailean, iaz bertan behera utzi eta gero hirurogeita hamalaugarren edizioa egiten ari diren honetan.
-
Lucas Ybarra aktorea, "La caída de vencejo" film laburrean
Iaz koronabirusaren erruz bertan behera gelditu eta gero, Canneseko zinema jaialdia martxan da berriz 2021ean, 48 orduan behingo PCR eta antigeno testak tarteko eta uztailean, ohiko maiatzeko hitzordua baino bi hilabete geroago, bada ere.
Wes Andersonek, Sean Bakerrek, Mia Hansen-Løvek, Leos Caraxek, Asghar Farhadik, Sean Pennek, Catherine Corsinik, Jacques Audiardek, Paul Verhovenek, François Ozonek eta beste zinemagile erraldoi batzuek beren lan berriak erakutsiko dizkiote Cannesen Spike Lee estatubatuar zuzendaria buru duen epaimahai bati.
Spike Lee, Cannesen (Efe)
Baina foku handien argiez haraindi, euskal zinemak ere izango du ordezkaritza Frantziako zinemaldian, nola lehiarako sailetan hala epaimahaietan eta zinema industriari eskainitako arloan.
"La caída del vencejo"
"La caída del vencejo" Gonzalo Quincoces bilbotar zuzendariaren film laburra 1.835 lanen artean aukeratu dituzten hamazazpietako bat da, eta, hortaz, Cinéfondation sailean lehiatuko da Cannesen, zinema eskolei bideratutako atalean. Zinema eta Ikus-entzunezkoen Kataluniako Goi Eskolan egin du film laburra Quincocesek, eta eskolak berak ekoitzi du.
Gonzalo Quincoces, 'La caída del vencejo'ren zuzendaria
"Zoriontsu gaude, hautatu gaituztelako oso pozik. Gure lana eta ahalegina aintzat hartu dituzte", azaldu digu Quincocesek, "eta are gehiago Canneseko jaialdia izanik". Horren erakusgarri, sail horretan aukeratu izanak berak bultzada eman dio dagoeneko proiektuari: "Jaialdian egoteak ospe ona emango digu nola edo hala, seguru nago. Ate batzuk ireki zaizkigu dagoeneko, eta oraindik ez gara Cannesera iritsi", esan digu.
"La caída del vencejo" 80ko hamarkadako giro industrialean kokatuta dago, Bilboko Itsasadarraren ertzean, eta Keparen istorioa du kontagai, Lucas Ybarrak egokiro antzeztuta. Inguruak itotako gaztea da, egokitu zaion papera onartzera eta bere pasioak apaltzera kondenatua. "Nire ustez, gure ingurua molde moduko bat da. Gauza askoren arabera, gure inguruak lagundu egin diezaguke, aldeko izan dezakegu; edo, aitzitik, erreprimitu gaitzake. Bigarren kasu horretan, garrantzitsuena da pertsona ausarta izatea eta aldatzen saiatzea", adierazi digu Quincocesek.
Cannesera joan eta uztailaren 13an, asteartearekin, pelikula erakutsi eta gero, Quincoces lanean jarraituko du "duela hainbat hilabete idazten hasi nintzen eta oraindik zehazteko dagoen proiektu batean. Uste dut luze gabe garatzen hasi eta argia ikusiko duela".
Agurtu aurretik, zorte ona opa diogu Quincocesi, euskal ordezkari bat izango duen epaimahaiari aurre egin aurretik. Izan ere, Carlos Muguiro (Elizondo, 1966) Elias Querejeta Zine Eskola Donostiako zentroaren zuzendaria Cinéfondation saileko epaimahaiko kideetako bat da.
Euskal epaimahaikidea
Muguiro zinemagile, irakasle eta komisario zinematografikoak azaldu digunez, hau bilatuko du sailean erakutsiko dizkioten 17 pelikuletan: "Harritzeko joera bat, pantaila zuriaren gainean berrituko duena laukizuzen horretan gerta daitekeenaren gaineko aurreikuspen oso berezi bat, seguru asko lehen esperientzia zinematografikoetan errotutakoa".
Carlos Muguiro (EQZE). Argazkia: Iñigo Royo.
"Niretzat iraupena ez da faktore erabakigarria pelikula bat balioztatzeko orduan. Kontrara, oso garrantzitsuak deritzet beste faktore batzuei, hala nola obra orok forma bat sortzen duen kontzientzia; hots, zinemagileak forma zinematografikoak sortzen dituen kontzientzia. Eta horrez gainera, arriskuak hartzea, pelikulatik bertatik eta horren barne-beharrizanetatik egindako lana, bakana eta pertsonala dena gainditzeko bulkada, irudiaren balio ez-kaltegabe eta ez-errugabearekiko konpromisoa, tradizioarekiko edo genealogia zinematografikoarekiko harremana eta abar", azaldu digu Muguirok.
Marché du Film
Gainera, euskal zinemak ez du pasatzen utziko Canneseko zinemaldiko Marché du Film azoka profesionalean parte hartzeko aukera. Zinema industriarentzako espazio horretan, hainbat fasetan dauden hogei euskal proiektu ezagutaraziko dituzte: '20.000 especies de abejas' (Estibaliz Urresola), '50 picogramos. Una sátira deportiva' (David Pérez Sañudo), 'Bayo Bayo Baby' (Raúl de la Fuente eta Amaia Remirez), 'Black is beltza: Ainhoa II' (Fermín Muguruza), 'Cabeza y corazón' (Ainhoa Andraka), 'Una vida no tan simple' (Félix Viscarret), 'Tetuán' (Iratxe Fresneda), 'The Sound of Cracking' (Ander Iriarte), 'Unicorn Wars' (Alberto Vázquez eta UniKo ekoiztetxea) eta 'Winnipeg, el barco de la esperanza' (Elio Quiroga eta Beñat Beitia).
'Winnipeg, el barco de la esperanza', Elio Quiroga eta Beñat Beitia
Eta horrekin nahikoa ez, eta….
Halaber, Bideodromok, Bilboko Zinema eta Bideo Esperimentaleko Nazioarteko Jaialdiak, gonbidatu berezi gisa parte hartuko du uztailaren 9tik 11ra egitekoa den Canneseko Aviff Arte Zinema Jaialdian.
Bilboko artisten 6 lan aurkeztuko dira jaialdian, bai eta Bideodromoko edizioetan saritutako egileen artean aukeratutako zenbait lan ere.