Itxi

Zinema

Elkarrizketa

Ritxi Lizartza: "Inor ez da hotz geratuko “Apaiz kartzela” ikusi eta gero"

Natxo Velez | EITB Media

Ritxi Lizartza, Oier Aranzabal eta David Pallarès zuzendariek “Apaiz kartzela” dokumentala aurkeztuko dute Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldian.

  • Ritxi Lizartza

    Ritxi Lizartza, "Apaiz kartzela"ko zuzendaria Oier Aranzabal eta David Pallaresekin batera

Frankismoaren amaieran, 1968 eta 1976. urteen artean, 53 apaiz kartzelatu zituzten Zamorako kartzelan, gehien-gehienak, euskal herritarrak. Sermoietan diktaduraren gehiegikeriak salatu zituztelako sartu zituzten Vatikanoak eta Francok hitzartutako kartzelan, mundu osoan apaizentzat bakarrik zegoen espetxe bakarrean, Xabier Amuriza, Josu Naberan, Juan Mari Zulaika, Julen Kaltzada, Periko Solabarrieta eta beste hamaika elizgizon.

Ritxi Lizartza, Oier Aranzabal eta David Pallarès zuzendariek “Apaiz kartzela” dokumentalean bildu dituzte, besteak beste, ihes egiteko tunel bat egin zuten eta 1973an kartzelari su eman zioten abadeen nondik norakoak. Horietako batzuekin bertara itzuli dira, gainera.

EITBren parte hartzea duen filmaren gidoiaz Martin Etxeberria, Xabier Etxeberria, Jon Mikel Aldanondo eta Mielanjel Elustondo arduratu dira, eta musika Joserra Senperenarena da. Lizartzarekin hitz egin dugu, Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldian estreinatuko den pelikulaz.

Ahanzturaren aurkako pelikula egiteko, zer bide egin duzue zuek memorian atzera? Nora jo duzue informazio bila?

1968 eta 1976 artean egon zen zabalik apaiz kartzela Zamoran. Historia ezezaguna eta kontatu gabea da. Beraz, gure memoria historikoaren atal garrantzitsu hau kontatu nahi izan dugu, belaunaldi berriek Francoren eta Vatikanoaren arteko konkordatuan oinarrituta zabaldutako kartzela honen berri izan dezaten.

Horretarako, garai hartako audioak eta bideoak, argazkiak eta dokumentazio zabala eskuratu ditugu, eta 35 elkarrizketa egin ditugu, abadeen beren adierazpenak baitira memoriarik zehatzena, hurbilena eta sinesgarriena.

Gogoratu beharra dago 53 apaiz izan zirela bertan, horietatik 35 bizkaitar eta 8 gipuzkoar. Eta beste iritzi batzuk ere bilatu ditugu: kartzelako garai hartako funtzionario bat, kazetariak, adituak… Zamorara egindako bidaia izan da garai hura berritzeko modurik onena.

Oro har, nolako gogoz eman zituzten preso ohiek lekukotasunak?

Abadeen aldetik laguntza eskerga izan dugu. Haiek ere kontatu nahi dute historia hori, bizi-bizi sentitzen baitute. Eta, horren erakusgarri, frankismoaren gehiegikerien aurkako Serviniren kereilan bildu direla abade horietatik 16.

Haien historia biziberritzeko modua, berriz, amorrutik edo minetik baino gehiago, hunkiduratik izan da. Hunkituta kontatu dizkigute euren bizipenak, emoziotik biziberritu dituzte garai hartako gertaerak eta Zamoran jasandakoak. Haien arteko adiskidetasuna eta elkartasuna ere aipatzeko modukoak dira.

Eta sentipenak lehertu egin ziren Zamorara iritsi zirenean. Filma, berriz, haiek jasandako minaren erakusgarri den neurrian, barru-barrutik sentitu eta gertatutakoak ondo bildu ditugulakoan daude.

Nolakoak kontatzen dira filmean?

Kartzelara egindako bisitaldia da ardatz nagusia, baina haien adierazpenek hunkitu gaituzte gehien: jasan zituzten jazarpena, torturak, tratu txarrak eta atxiloaldiak. Une gogor haiek Kote Camachoren animazio sinesgarri eta ezin ederragoekin jantzi ditugu.

Nola jantzita eta josita ageri da dena pantailan?

Garai hartako audioak eta bideoak eskuratu ditugu, apaizen gutunak, dokumentuak, argazkiak eta beste hainbat material; gainera, elkarrizketez gain, haien ekinak prentsan utzi zuen arrasto zabala ere bildu dugu eta, esan bezala, animazioek berebiziko kalitatea eman diote azkeneko korteari.

Txatal bat Zamorako espetxean bertan filmatu duzue, preso egon zirenetako batzuekin batera bertara itzulita. Nolakoa izan zen bertan grabatzeko lan administratiboa eta nolakoa izan zen preso ohiak bertara itzuli ziren unea?

Oso zaila izan zen Zamorako kartzelara sartzeko baimena lortzea, kartzela bera 1995etik itxita baitago; hala, ezinezkoa da bertaratzea. Baina lortu genuen eta erakunde publikoen laguntza izan genuen errodajea ahalik eta kalitate hoberenean egiteko.

Filma ikusten duten guztiek ikusi ahalko dute 50 urte geroago kartzelara sartu ziren abadeek nolako esperientzia bizi izan zuten eta nola ekarri zituzten gogora gazte garaian frankismoaren errepresioa salatzeagatik jasan zituzten tratu txarrak. Inor ez da hotz geratuko.

Zer bide opa diozue “Apaiz kartzela” lanari Giza Eskubideen Zinemaldiaz haratago?

Gure asmoa zinemaldietan bidea egitea da, eta, ondoren, zinema aretoetako estreinaldia, batetik, eta bestetik herriz herriko zirkuitua, filma ikusteaz gain protagonistei ere hitza emateko.

6:49