Itxi

Zinema

Goya sariak

"Zinema gizartea eraldatzeko tresna gisa irudikatzea gustatzen zaigu"

Natxo Velez | EITB Media

Al Borde Films Bilboko ekoiztetxeak “Solo son peces” ekoitzi du, film labur dokumental onenaren Goya sarirako izendatutako lana.

  • Paula Iglesias eta Ana Serna

    Paula Iglesias eta Ana Serna, "Solo son peces"eko zuzendariak

Mendebaldeko Sahara, Teslemen, Dehbaren eta Jadijaren lurraldea, Ozeano Atlantikoaren ertzean dago eta arrantzagune oparoa da. Aitzitik, egoera oso bestelakoa da, noski, Tindufeko errefuxiatu eremuetan, Aljeriako desertu betean, hiru biologo horiek piszifaktoria bat egiteko eraldatu behar izan duten lur idorrean. Arrain haztegia oparotasunaren ilusio bat da kanpamentuek hartzen duten lurralde espektralean; normaltasun ilusio bat, errealitate sinestezin baina saminez itogarri eta benetakoan.

 “Solo son peces” larunbatean film labur dokumental onenaren Goya saria irabazteko lehiatuko den pelikulan, Al Borde Films ekoiztetxeak hiru emakume errefuxiatu horien eta beren ingurukoen egoera kontatu du, beraiek azaltzen duten bezala, “nola itzuli nahi duten sekula ezagutu ez duten lur batera, itsasoaren ondora, arrainek bezala”.

Paula Iglesias Rodriguezekin, Ana Serna Reinaresekin batera “Solo son peces” zuzendu duen zinemagilearekin, hitz egin dugu filmaz.

Zorionak izendapenarengatik! Espero zenuten?

Eskerrik asko! Ustekabe handia izan zen, egia esan. Proiektu honek une gozo asko ekarri dizkigu, baina gatazka egoera batean jartzera eta gauza asko zalantzan jartzera bultzatu gaitu.

Lehen hautaketan sartu ginela jakin genuenean, sekulako poza izan zen, noski, baina ahogozo gazi-gozoa utzi zigun, Mendebaldeko Sahararen eta Marokoren guda piztu zen unearekin bat egin zuelako.

Hori bai, berehala eman genion buelta, gure eskuetan jartzen ari ziren eragiteko ahalmena gatazkari ikusgarritasuna emateko eta berriz ere hedabideen agendan jartzeko.

Izendapena ez ezik, dokumentalak beste hainbat sari ere jaso ditu Zinebin, Innsbrucken… Zer garrantzi maila ematen diezue sariei, dokumentalaren mezu soziala handitzeko balio duten heinean?

 “Solo son peces”ekin egiten ari garen bidea berria da guretzat, eta asko gozatzen ari gara. Al Borde Filmsetik film laburra profesionalizatzeko lan egiten dugu, eta guretzat funtsezkoa da erakundeek eta jaialdiek narratiba hau babestea. Horrela, bere alea jartzen dute formatu hau mintzaira txiki gisa, eskola edo hastapen mailako zerbait bezala, hartzeari uzteko.

Film laburretan eta luzeetan kontatzen diren istorioak desberdinak dira, baina, narratiba gisa, balio bera dute. Dokumental honekin jaso genuen lehen saria KCD ONGren proiektu amaierako saria izan zen, eta funtsezkoa izan zen film laburra bukatzeko.

Zinebiko saria ere mugarria izan zen, eta gerora HotDocsen, FipaDocen edo Elxeko eta Innsbruckeko jaialdietan egindako bidea zehaztu zuen.

Nola jaso zenuten Teslem, Dahba eta Jadijaren istorioaren berri eta nola sortu zen filmean jasotzeko aukera?

Auto baten barruan izan genuen elkarrizketa batean topatu genuen istorioa, gazteek gidatutako berrikuntza proiektuen bila ari ginela. Proiektua gauzatu ahal izateko, bi bidaia egin genituen errefuxiatu eremuetara: bat lokalizazioak zehaztu eta istorioa aurkitzeko, eta bestea filmatzeko.

Errefuxiatu eremuetan egiten duten uraren kudeaketa izan zen Arabako SEADen (Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa) Lagunen Elkartetik jarri ziguten abiapuntua. Oso eskertuta gaude beraiekin lan egin ahal izan dugulako, istorioa bere testuinguruan jarri ahal izateko ikerlan nahikoa eman baitziguten eta erabateko askatasuna eman baitziguten sortzeko. 

Kanpamentuen errealitatea hobeto ezagutzen joan ginen neurrian, arreta eman zigun emakumeek bertako gizarte antolaketan eta egituran duten funtsezko betebeharra. Hiru biologo horiekin topo egitean, argi ikusi genuen beraiek izango zirela protagonistak.

Protagonistekin edota komunitatearekin harremanetan jarraitzen duzue? Zer bide egin du arrain haztegiak?

Kanpamentuen mugez eta komunikatzeko zailtasunez haraindi, Dahba, Teslem eta Jadijarekin harremanetan gaude, eta arrain haztegiaren nondik norakoen berri ematen digute.

Lehen unetik agertu ziren dokumentalean parte hartzeko prest, pelikulak “konpromiso politikoa erakutsiz gero betiere”. Ez genion erantzunari buelta erdirik ere eman behar izan, eta, harrezkero, hainbat erakunderekin aritu gara lankidetzan saharar herriaren erresistentzia erakusteko, hala nola Arabako SEADen Lagunen Elkartearekin berekin, Fisahararekin eta Sahara Dempeusekin.

Nolakoa da gatazkan dagoen toki batean filmatzea? Zelan gauzatu zen Abidin Kaid Saleh Ikus-entzunezko Formakuntza Eskolarekiko lankidetza?

45 urtez basamortuan egindako erbestealdia pairatu duen toki batean film labur bat filmatzeko orduan, tentuz pentsatu behar duzu non pausatuko duzun begirada. Lurralde horrekin dugun zor historikoa azpimarratzeko, herritar gisa daukagun erantzukizuna zalantzan jartzea izan zen ardatza, ikuspegia zehazteko.

Abiapuntu horri gehituz gero talka kulturala eta klimak ezartzen dituen zailtasunak, grabazioa ezinezkoa izango zatekeen, Abidin Kaid Saleh Ikus-entzunezko Formakuntza Eskolaren laguntza izan ezean.

Zuen pelikula saharar errefuxiatuek jasaten duten utzikeria salatzeko aurkitu duten leiho urrietako bat da. Zer harreman dute zinemarekin eta beste diziplina artistikoekin, borrokarako tresna gisa?

Zinema gizartea eraldatzeko tresna gisa irudikatzea gustatzen zaigu. Ikerketa eta emozionalitatea uztartzen dituen kontakizun bat eraikitzea arma boteretsua izan daiteke sentsibilizatzeko eta kontzientziak astintzeko.

Saharar komunitatearen ingurukoak jakitun dira arte diziplinek publiko desberdinengana iristeko duten botereaz.

Borondateak ez dio uko egiten estilo ariketari. Nola uztartzen duzue istorio bat dokumentatzeko konpromisoa eta ariketa estetikoa?

Istorioan murgiltzeko, guretzat ezinbestekoa da dagokion egoeran jartzea eta jorratu behar dugun errealitatea gertutik ezagutzea. Istorio bakoitzak bere ezaugarriak ditu, baina guk sinbolismoa eta poesia bisuala benetako planoekin uztartzea atsegin dugu.

Emakumea basamortuan arrantzan erakusten duen kartelean, adibidez, itxaronaldiaren ideiarekin jolastu nahi genuen, eta pertsonak horren egoera muturrekoetan edukitzen jarraitzeko egoera absurdoarekin. Eta kartelarekin, zinez, argi utzi nahi genuen, bigarren asmo batez, ez direla arrainak soilik.

2020ko zer zinema lanek piztu dizue arreta?

2020an, konfinamenduek eta mugikortasun geografikorako murrizpenek espazio digitalen irekieran izan dute ifrentzua.

Aurten, DocsBarcelonak, Sevillako Zinema Jaialdiak, Gijongoak eta Zinebik berak leiho birtualak ireki dituzte beren programazioetan, eta berorietatik begiratu ahal izan dugu. Gozatu handia hartu dugu etxetik zirkuitu horretan dauden eta bestela, formatu fisikorik ezean, ikusi ezingo genituzkeen pelikulak ikusten.

Zerbait aurreratu dezakezue esku artean dituzuen lan berriei buruz?

Oso une itxaropentsuan gaude, eta hainbat proiektu ditugu martxan, nahiz eta bakoitza fase ezberdinean egon.

 “Lanbroa” film laburra Freak agentzia banatzen ari da, eta estreinatzeko zain dago. Oso proiektu pertsonala da, eta elkarrekin hizketan jartzen ditu minbizi prozesu bat atzean uztea eta erloju monumentalak zaharberritzea. Poesia bisualez blai dago kontakizuna, eta Maite Arroitajauregik soinu banda zoragarria egin du filmerako. Bera ere Goya sarietarako izendatuta dago, “Akelarre”n egindako lanagatik.

Bestalde, pandemiak agerian utzi duen zaintzaren krisiari buruzko film labur bat prestatzen ari gara, ICAAren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin.

Film luze dokumental bat ere ari gara filmatzen: atzera begiratzeko ariketa egiten dugu bertan, babes bila migratzen duten pertsonekin gertatzen ari den krisi humanitarioa ulertu eta enpatia sentitzeko. CEAR-Euskadirekin gorpuzten ari garen proiektua da, eta egiten ari garen harrera aztertzen dugu bi muga esanguratsu baliatuta: Europara eta Ipar Amerikara sartzeko mugak, azken horrek Mexikoko harresia atzean duena.