Zinema
Estreina
"Non dago Mikel?" otsailaren 26an iritsiko da zinema aretoetara
N. V. | EITB Media
Amaia Merinok eta Miguel Angel Llamas “Pitu”k zuzendu dute Mikel Zabalzaren kasuari buruzko film dokumentala.
-
"Non dago Mikel?" Iruñean, Donostian, Bilbon eta Madrilen ikusi ahalko da otsailaren 26an
Atera Films ekoiztetxe eta banatzaileak “Non dago Mikel?” dokumentala estreinatuko du otsailaren 26an, Iruñeko, Donostiako, Bilboko eta Madrilgo zinema aretoetan. Mikel Zabalzaren kasuan sakontzen duen film luze dokumentalak Euskal Zinemaren Irizar Sariaren epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen irailean, Donostiako Zinemaldian.
Guardia Zibilak atxilotu ondoren 1985eko abenduan hilda agertu zen Mikel Zabalza autobus gidariaren desagerpenaren kronika da Amaia Merinok eta Miguel Angel Llamas "Pitu”k zuzendu duten dokumental luzea.
EITBren parte-hartzea duen filmak orduko artxiboko materiala eta Zabalzaren inguruko jendearen eta auzian zerikusia izan zutenen lekukotasunak biltzen ditu. Donostiako Zinemaldiaren 68. edizioko epaimahaiak Euskal Zinemaren Irizar Sariaren aipamen berezia eman zion filmari, "giza eskubideen urraketa beldurgarri eta errepikakorrak jasotzen dituen artxiboko irudien bidez egindako lanari esker ona adierazteko”.
1985eko azaroan, Guardia Zibilak Mikel Zabalza autobus gidari gaztea atxilotu zuen operazio batean, beste pertsona batzuekin batera. Gainerako gazteak askatu zituzten, eta tortura basatiak jasan izana salatu zuten. Baina Mikel falta zen, eta Euskal Herriko kaleetan gero eta ozenago aditu zen oihu bat: "Non dago Mikel?”