Itxi

Zinema

Estreinaldia

'Gartxot', Asisko Urmenetaren marrazkiekin girotutako istorio epikoa

Benito Lertxundiren musika eta Asisko Urmenetaren marrazkiak ditu, besteak beste. Arturo Campion idazle nafarrak utzitako koblakariaren istorioa da.

01:21
Gartxot zinema aretoetara iritsi da

Animaziozko film berezia estreinatuko dute aste honetan: "Gartxot". Arturo Campion idazle nafarrak utzitako koblakariaren istorioa da. Film hunkigarria, euskaraz dago egina eta azpitituluak erdaraz dituela pantailaratuko da.

Benito Lertxundiren musika eta Asisko Urmenetaren marrazkiak ditu, besteak beste.

Donejakue bidean, 12. mendean Nafarroan dago kokatuta istorioa. Orreagan fraideen artean, kanturako bereziki iaioak diren bi pertsonaia aurkezten dizkigu, Gartxot eta Mikelot aita-semeak . Abade berriak ez ditu gustuko, Euskal Herriaren oroimena eta kultura euskaraz abesten dituzte eta. Fraideen artean, latina nagusitzeko ahaleginetan ari dira.

Istorio iluna bilakatuko da, Gartxot deserriratu egingo dute eta Mikelot bahitu.

Arturo Campionek idatzia, istorio epikoa da. Kondairak marka utzi dio Benito Lertxundiri. Bere kantutegitik ateratako doinuek girotu dute filma.

Marrazkietan egina bada ere, dramatismo izugarria dario kontakizunari. Birsortze lana egin dute animazioarekin, Zuberoako aktoreen ahotsekin eta Aitor Furundarenak egokitu duen musikaren bidez.

Asisko Urmenetak figura kubistak jarri ditu pantailan. Marrazkilari eta zuzendari lanetan aritu da Juanjo Elordirekin batera. 1.700.000 euroko aurrekontua izan du "Gartxot" filmak. Ostiralean estreinatuko dute.