Zinema
Filmatzea
Ibon Cormenzanak Patricia Lopez Arnaiz eta Javier Rey zuzenduko ditu "La cima"n
N.V. | EiTB Media
EiTBren parte hartzea duen filma “laguntasunari, promesen pisuari eta maitasunari buruzko drama emozionala” da.
-
Cormenzanaren laugarren film luzea izango da "La cima"
Ibon Cormenzana euskal zuzendari eta ekoizlea “La cima” bere laugarren film luzea filmatzen ari da egunotan Euskal Herrian, Katalunian eta Aragoin, Patricia Lopez Arnaiz eta Javier Rey aktoreak protagonista dituela.
“Laguntasunari, adoreari, naturarekiko eta bizitzarekiko loturari, promesen pisuari eta maitasunari buruzko drama emozionala” da filma, ekoiztetxeak ohar batean azaldu duenez, eta Alpeetan eta Nepalen ere filmatuko dute.
Cormenzanak asmatutako eta Nerea Castrok gidoian bildutako istorioak Mateoren eta Ioneren bidaia emozionala kontatzen du. Mateok (Rey) munduko mendi arriskutsuenari, Annapurnari, aurre egingo dio lehenengoz, tontorrera iritsi eta promesa zahar bat betetzeko.
Igotzen ari dela, zauri larriak egingo ditu istripu batean eta, ordu batzuk geroago, Ionek, negua aterpetxe batean bakarrik eta mundutik urrun igarotzen ari den mendizale eskarmentudun batek (Lopez Arnaiz), erreskatatuko du. Mateo bertara eraman duten arrazoiak ulertzen ez baditu ere, Ionek helburua lortzen lagunduko dio.
Zuzendarien hitzetan, “mendi baten tontorrerako bidaia fisiko zirraragarria ez ezik, protagonistek asebetetasunera egiten duten bidaia emozionala ere bada”.
"Blancanieves" (Pablo Berger), "Blackthorn" (Mateo Gil), "El árbol de la sangre” (Julio Medem) eta "Madre" (Rodrigo Sorogoyen) ekoitzi ditu Cormenzanak, eta pelikula hauek zuzendu ditu orain arte: "Jaizkibel" (2001), "Los totenwackers" (2007) eta, azkenekoz, "Alegría, Tristeza" (2018).