Zinema
Noka mentoring
Emakume zinemagileen proiektuei laguntzeko programaren hirugarren edizioa, abian
N.V. | EiTB Media
2021eko deialdi honetan hautatzen dituzten hiru proiektuek 4.000 euroko dirulaguntza eta adituen aholkuak jasoko dituzte.
-
Noka Mentoring programaren hirugarren deialdia da aurtengoa
Otsailaren 19ra arte, zabalik egongo da Noka Mentoring euskal emakume zinemagileen proiektuak bultzatzeko programaren hirugarren edizioan parte hartzeko epea. Hautatutako zinemagile bakoitzak 4.000 euroko dirulaguntza eta adituen aholkuak jasoko ditu bere proiektua garatzeko.
Noka Mentoring programa Eusko Jaurlaritzak sustatzen du, eta Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako emakume zinemagileei zuzenduta dago.
Hirugarren edizio honetan, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak bere gain hartu du proiektua antolatzeko ardura, eta zinemaren eta ikus-entzunezkoen arloko garapen programetan zein Donostiako Zinemaldiarekin (SSIFF), Euskadiko Filmategiarekin eta Elias Querejeta Zine Eskolarekin (EQZE) batera parte hartzen duen sare instituzional eta profesionalean integratu du.
Iaz Irati Gorostidi (Anekumen), Marina Palacio (Y así seguirán las cosas) eta Sara Fantova (Jone, a veces) aukeratutako hiru hautagaiekin egin zuten bezala, Elena López Riera, Mar Coll eta Celia Rico tutoreek egingo dute aurten ere mentoring prozesu osoa.
Betebeharrak
Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan jaio edo bizi diren eta fikziozko edo ez-fikziozko film luzeen proiektuak dituzten zuzendari berriei (lehen edo bigarren filma) zuzentzen zaie deialdia, baldintza hauek betetzen badituzte. noka@tabakalera.eus helbidera bidali beharko dute beharrezko material guztia.
Hautaketa batzordeak (Maialen Beloki Donostiako Zinemaldiaren ordezkaria; Carlos Muguiro EQZEko zuzendaria eta Lur Olaizola Tabakalerako zinema eta ikus-entzunezkoen arloko koordinatzailea) martxoaren 12an jakinaraziko du zein hiru proiektu aukeratu dituzten programan parte hartzeko.