Itxi

Zinema

Oscarrak 2020

Espainiako Zinema Akademiak "La trinchera infinita" aurkeztuko du Oscarretarako

eitb.eus

Hollywoodeko Akademiak atzerriko film onenaren saileko bost finalistak aukeratuko ditu gero, Estatuetako akademiek aurkeztutakoen artean. EiTBren parte-hartzea du Moriartitarren filmak.

2:49
Jon Garaño. ETBren bideo batetik ateratako irudia.

Espainiako Zinema Akademiak "La trinchera infinita" Jon Garaño, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregiren filma aurkeztuko du Oscar sarietara, atzerriko film onenaren sailerako hautagai gisa. Apirilaren 25ean banatuko dituzte Oscar sariak 93.ez, Los Angelesen.

Akademiak gaur eman du erabakiaren berri, eta azaldu du Espainiako Gerra Zibilaren ondoren zigorren beldur etxean ezkutatu ziren satorren inguruko istorio hau gailendu zaiela "El hoyo" Galder Gaztelu-Urrutiaren filmari eta "O que arde" Olivier Laxeren lanari, beste bi finalistei. Hiru filmek EiTBren parte-hartzea dute.

Filmak Higinioren eta Rosaren bizitza kontatzen du. Hilabete gutxi daramatzate ezkonduta, Gerra Zibila piztu eta, ondorioz, gizonaren bizitza arrisku larrian jartzen denean. Emaztearen laguntzaz, Higiniok etxean zulo bat egin eta denbora batez bertan ezkutatzea erabakiko du. Errepresaliak jasotzeko beldurrak eta elkarrenganako maitasunak 30 urtetik gora iraungo duen itxialdi batera kondenatuko dute bikotea.

Garaño eta Goenaga 2016an ere egon ziren Oscarrerako bidean, baina "Loreak" filmak ez zuen aurrera egin Hollywoodeko Akademiaren lehen hautaketan.